AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/03 10:55

Etxebizitza baterako beharra asetzeko asmoz, kale gorrian zeuden dozenaka pertsonak Gasteizko (Araba) gune bat birjabetu zuten duela astebete, Etxebizitza Sindikatuak kazeta honi jakinarazi dionez. Hain zuzen, Arabako hiriburuan kokatuta dagoen espazio batera sartu ziren, Los Herran kaleko 15. zenbakian, hamar urtez hutsik eta erabili gabe egon den eraikinean.

Pertsona hauek babesteko hautua egin du Etxebizitza Sindikatuak. Eraikinaren zein kideen babeserako, defentsarako eta mantenurako dituen tresnak eskaini ditu, helburutzat jota horiek "modu egoki batean antolatzea eta instituzio publikoetatik baztertu den etxebizitza beharra modu duin batean bermatzea".

Legez kanpoko desalojo saiakera gaur

Arratsaldean, bertan bizi direnak zein laguntzera joan ziren zenbait pertsona espazioa atontzen ari zirela, eraikinaren portalera sartu zen Ertzaintza, jabeekin eta sarrailgile batekin batera, birjabetutako espazioetatik botatzeko. Etxebizitza horietan bizitzen astebete baino gehiago daramatenez, bertakoek argi utzi zieten poliziei legez kanpoko desalojo bat gauzatuko zutela. Azkenean, etxebizitzak okupatuta zeudela ziurtatu eta alde egin zuten.