AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/27 11:56

Gasolinaren prezioari muga ezarri. Paremos el expolio de los salarios lelopean, mobilizatzera deitu dute Bilboko (Bizkaia) eta Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistek. Datorren larunbatean, uztailaren 2an, izango dira mobilizazioak; 18:00etan Eliptika plazatik aterako da Bilboko manifestazioa, eta 17:00etan Baratxuri plazatik Iruñekoa.

Bi Kontseilu Sozialistek salatu dutenez, "bizitzaren garestitzea gero eta zama handiagoa da langileon gainean", eta "krisi kapitalistak sorturiko oinarrizko produktuen prezioen igoerak, enpresa askotako soldaten jaitsierarekin batera, egoera biziki larrian utzi du langileriaren zati handi bat". Ez du ematen, gainera, kostuen garestitzeak etenik izango duenik: "hainbat neurgailuren arabera, 2023. urtera arte, behintzat, jarraituko du igoera horrek".

Erregaien kostua, maximo historikoetan

"Langileria osoaren aurkako testuinguru biolento horretan, erregaiena da gehien larritzen duen gaia, izan ere, bai gasolina litroak bai diesel litroak 2 eurotik gora balio dute gaur egun, eta hainbat iragarpenen arabera, prezioak 3 eurora irits daitezke uda honetan bertan", azpimarratu dute Bilboko eta Iruñerriko Kontseilu Sozialistek.

"Egunero lanera autoz joatera behartuta gaudenok, gure soldataren zati handi bat ari gara garraioan uzten, erregaien kostuaren igoeraz gain, bidesariak ere nonahi ari baitira jartzen", adierazi dute: "Gainera, aisialdirako, senitartekoak bisitatzeko eta bakoitzak behar duenerako autoa hartzea gero eta zailagoa da, horrek dakarren gastua dela-eta". "Soldaten jaitsiera antolatu bat daukagu gure aurka, enpresari handiek eta politikari profesionalek gidatua, enpresa ertain eta txiki guztietara hedatzen ari dena", diote.

Elkarlana

Espainiako Gobernuak apirilean sartu zuen indarrean litroko 20 zentimoko deskontua, dirulaguntza modura, baina Kontseilu Sozialistek azaldu dute "sinbolikoa" dela neurri hori: "Prezioak etengabe ari direnez gora egiten, ez du ezertarako balio izan deskontuak. Are gehiago, gobernua diru-sarrerak handitzen ari da erregaien prezioen igoerari esker, zergen bidez".

Kostuaren gorakadaren atzean, beraz, "multinazional handien eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana dagoela" salatu dute, eta hainbat helburu dituela horrek: "multinazional horien irabaziak biderkatzea eta Espainiako Estatuaren diru-iturrien hazkunde artifiziala, langileon soldaten erabateko lapurretaren bidez".

Espainiako Estatuan erregaien prezioak bereziki igo direla nabarmendu dute Kontseilu Sozialistek, "modu artifizialean", eta "horri esker", Repsol, Cepsa nahiz BP enpresen "irabaziak hirukoiztu" egin direla ohartarazi dute. "Ez litzateke arraroa izango PSOEko edota Podemoseko zenbait politikari, urte batzuen buruan, enpresa horietako administrazio kontseiluetan ikustea. Horrela funtzionatzen du ustelkeriak Espainiako Estatuan eta herrialde kapitalista guztietan. Estatu kapitalisten eta multinazional handien arteko lotura oso nabarmena da auzi honetan", seinalatu dute.

Defentsarako neurriak

"Egoera horrek muga guztiak gainditu ditu langileon antolakuntza independentearen faltaren ondorioz, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu, langileon bizitzak defendatzeko orduan, Estatuari zenbait neurri exijitzea borrokaren bitartez", jakinarazi dute bi Kontseilu Sozialistetako kideek. Hala, Espainiako Gobernuari egindako bi eskaera zehatz jarri dituzte mahai gainean: "erregaien prezioari muga bat jar diezaiola, finkoa eta hogei zentimoko deskontua baino askoz ere nabarmenagoa" eta "erregai litroaren prezioak pandemia aurreko zenbatekoetara jaistea".

"Badakigu Espainiako Estatua, alderdi politiko instituzionalekin batera, multinazional handien zerbitzura dagoela; horregatik, ezinbestekoa da langile klasearen eskubide ekonomikoak borroka bidez irabaztea. Gaitasun hori garatzeko, funtsezkoa da langileon antolaketa independentea indartzea, langileok kontrolatutako estatu sozialista eraikitzea helburu; baliabide guztiak langile klasearen kontrolpean jarriko dituen estatu sozialista".

EZ DAGO IRUZKINIK