Galdakaoko Gaztetxea: kimatu ezin den loraldiaren kronika

“Gaztetxeen loraldira batu da Galdakao ere”. Hitz horiexekin izendatu genuen pasa den larunbatean Galdakaoko (Bizkaia) Gazte Mugimenduak espazio bat izateko burututako birjabetzea. Izan ere, Zizurkil, Hondarribia eta Tolosako gaztetxeen okupazioaren ondoren, ernalduz doan loraldiaren beste agerraldia izan zen Galdakaokoa ere. Guztiak ere, errepresio poliziala, isun mehatxuak eta oztopoak izan dituzte euren lehen urratsetan ordain. Hondarribiako gaztetxeko kideak epaitu zituzten pasa den astean; identifikazioak jaso dituzte Tolosa zein Zizurkilgo gazteek ere. Bide bera marraztu du Galdakaoko gaztetxearen aldeko borrokak. Atzo, hilak 7, arratsaldeko 18ak jotzear zirela Ertzaintza bertaratu, gaztetxea desjabetu eta hainbat kide identifikatu zituen. Aldi luzeak guztia ahaz ez dezan datozen lerroetan jaso ditugu egun hauetan Galdakaoko Gazte Mugimenduko kideek bizitakoak, euren ahotan.
Argazki Nagusia
Argazkia: Galdakaoko Gazte Mugimendua
2019ko maiatzaren 8a
Duela bi urte hustu zuten Ortuondo Gaztetxea. Geroztik, “Galdakaoko gazteak ez gara geldirik egon”. “Eztabaidatzen, saretzen eta antolatzen” jarraitu dute, eta paraleloki, “okupazioaren aldeko dinamika zabala”  jarri dute martxan: hitzaldi, mahai inguru, bazkari eta mobilizazio desberdinekin.

Aurreko larunbatean, hilak 4,  gazte egunarekin batera, bide horretan “mugarria” ezarri nahi izan zuten. Galdakaoko ehunka gazteren aurrean “gaztetxe berria” aurkeztu zuten. Espazioa, Muguru plazan dago, orain urte batzuk arte jubilatuen etxea izan da. Galdakaoko gazte mugimenduko kideek azaldu dute “urte batzuk” zeramatzala lokalak erabilpenik gabe.

Okupazioaren berri eman eta berehala, hurrengo egunerako auzolana deitu zuten. Arratsaldeko 20:00etan asanblada irekia ere egin zuten. Ertzaintza, okupazioa publiko egin eta gutxira hurbildu zen Muguru plazara. Azken horiekin lokalaren jabea ere azaldu zen. Hurrengo egunean jakin zuten asanbladako kideek jabeak larunbat gauean bertan jarri zuela salaketa.

“Igandeko biharamuna: ertzaintzaren bisitarekin hasi genuen goiza”.  Goizeko 9:00etan, 6 ertzain eta lokalaren jabea gaztetxera hurbildu ziren bigarrenez. Barruan zegoen gazteetako bat identifikatu zuten. “Desalojo arriskuaren alarma pizturik genuen jada”, hamarnaka gazte hurbildu ziren balizko desalojoa ekidin asmoz. Kanpoan zegoen gazteetako bat identifikatu ostean, ertzainek alde egin zuten.

Horren ostean, auzolanarekin jarraitu zuten asanbladako kideek,  “lokala atondu eta herriko kaleak pankarta eta kartelez bete genituen”. Arratsaldeko 15:30ean, berriro ere Ertzaintzaren bisita izan zuten: "gaztetxe barruko gazte guztiak identifikatzeko agindua zeukaten". Bertan zeudenek “ezezkoarekin” erantzun zieten. Horren aurrean, Ertzaintzak gaztetxera sartu edo bertatik irteten zen edonor identifikatzeko mehatxua egin zuen.

Arratsaldeko 18:00etan lehenengo asanblada irekia burutu zuten, “50 gazte inguru bertaratu ginen; egoera juridikoaren errepasoa, segurtasun txanden jarraipena eta hurrengo asteko egitaraua erabaki genituen”. Ertzaintza bertaratu zen hirugarrenez. Gaztetxe kanpoaldean zeuden 2 kide identifikatu eta “espaziora sartu edo bertatik irtetzen zen edonor” identifikatuko zutela adierazi zieten berriro.

Astelehen goiza, auzolanarekin hasi zuten. Goizeko 12:00etan, astelehenero pentsionisten mugimenduak antolatzen duen mobilizaziora hurbildu ziren, “gaztetxearen berri ematera”. Era berean,  gaztetxea “pentsionistei ere” zabalik zegoela adierazi zieten, “ bilera, tailer edota hitzaldiak antolatzeko adibidez”. Mobilizazioaren ostean, pentsionistentzako “luntx” bat antolatu zuten gaztetxean, eta azken horiek lokala ikusteko aukera izan zuten. Arratsaldean auzolanarekin jarraitu zuten, eta 20:00etako asanblada irekian “aurrera begirako mugarriak” zehaztu zituzten.

Astearte goizean ere, egunero legez, auzolanari ekin zioten. Arratsaldeko 18:00etarako autodefentsaren inguruko hitzaldia antolatu zuten, baina bertan behera geratu zen; 17:00ak aldera Ertzaintza hurbildu zen Gaztetxera. Oraingoan aurrekoetan baino gehiago ziren,  ​”Brigada Movil”ekoak ere bertan ziren. “Ohartu ginen gaztetxea desalojatzera zetozela”. "Tentsio  uneak" bizi izan ziren desalojoak iraun zuen bitartean; hainbat pertsona identifikatu zituzten; desalojoa grabatzeagatik “Mozal Legea” aplikatuko zietela mehatxatu egin zieten. “45 minutuz atea ireki nahian ibili ziren, behin atea irekita Ertzaintza gaztetxera sartu eta bertan zeuden bi kideak identidikatu eta kanporatu zituen. Azkenik, lokala itxi zuten bi langileren laguntzaz”.

Erasoen aurrean, gazteek “erantzun protokoloa” martxan jarri dute. Gaur, maiatzak 8, “kazerolada zaratatsua” deitu dute Pontzi Zabala eta Juan Bautista Uriartko bidegurutzean, arratsaldeko 19:00etan. Bihar, osteguna, manifestazioa antolatu dute Udaletxe plazatik hasita, azken hori ere arratsaldeko 19:00etan izango da.

Galdakaoko Gazte Mugimenduko kideek adierazi dutenez, “bidea ez da hemen aimaitzen”. “Antolatzen eta mobilizatzen” jarraitzeko deia egin dute erasoen aurrean. “Benetan sinesten dugu gaztetxeak sistema eraldatzeko tresna eraginkorrak eta beharrezkoak direla. Beraz hau ez da hemen amaitzen”.