AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/05 20:09

Frantziako Estatua "gerrako ekonomia" ezartzera doa, krisi energetikoak bultzatuta. El Economista atariak azaldu duenez, "subiranotasun energetikoari" dagokion atal bat barne hartzen du datozen egunetan Ministroen Kontseiluan aurkeztuko duten Erosahalmenaren Legeak. Horrek "aurrekaririk gabeko botereak" emango dizkio Frantziako Estatuari, neguan hornidura-krisia gertatzekotan, gas-azpiegiturak nahi bezala ustiatzeko.

Lege-proiektuaren testuaren behin-behineko bertsioak ondoko neurriak aurreikusten ditu: gas-zentralak konfiskatzea eta lehengai horren biltegiratze-instalazioak nahitaez betetzea. Azken neurri hori bete ezin bada, biltegiratze-enpresek osatu beharko dituzte beharrezko erreserbak.

Bestalde, TotalEnergies enpresaren gas natural likidotua (GNL) inportatzeko instalazio batzuen eraikuntza  2023ko irailerako bizkortzeko salbuespen-neurriak hartuko dituzte, eta Saint-Avolden kokatuta zegoen ikatzezko zentrala berrabiaraziko dute. Azken hori martxoan itxi zuten, ustez, behin betiko. Urriaren 1etik aurrera berriro martxan egotea espero dute, Les Echos egunkariak jakin ahal izan duenez. Eskumen berezi horiekin, obrak atzeratu ditzaketen oztopo burokratikoak bazter ditzakete, portua eta gas-sarea lotuko dituen konexio-hodia eraikitzea errazteko, esate baterako.

Hornidura krisi orokorra

Frantziakoa ez da Europar Batasunean ikatz-zentraletako ateak irekitzea erabaki duen estatu bakarra. Errusiako gas-fluxuen murrizketak "arazoak" ekar ditzake Europaren mendebaldeko herrialde gehienetan, eta hornidura ez dago inola ere bermatuta. Alemaniak eta Austriak, adibidez, antzeko planak aurreratu dituzte dagoeneko. Polonia, Italia, Holanda eta Grezia erregai fosil horrekin ekoitzitako elektrizitatea babesteko neurriak hartzen hasi dira.

Kale itsua

Hala ere, aditu batzuek ohartarazi dutenez, zentral termikoak irekitzeko plana mehatxupean egon daiteke, ikatza ere murritza baita Moskuren inportazioen faltan. Abuztuaren 10etik aurrera ezin izango da lehengai hori Moskutik inportatu. Europako Batzordearen datuen arabera, EBko kontsumo guztiaren %46 hartzen du Errusiako ikatzaren merkatu-kuotak, %40 gasarenak, eta %27 petrolioarenak.

Garestitzea eta irabaziak

Eskariaren gorakadarekin, eskaintza nabarmen murrizteko arriskua dago. Izatez, azken urteotan ikatza ekoizteko gaitasunak ez dira handitu. "Datorren neguari begira, hornidurari buruzko zenbait kezka nazional daude", ohartarazi du elektrizitatea garraiatzeko sistemen operadoreen sare europarrak (ENTSO-E) berriki egindako txosten batean.

Hala eta guztiz ere, ikatzaren prezioek aurrekaririk gabeko hazkundea izan dute 2022an. Garestitzearekin, "hornidura-katean inbertsioak egiteko bolada berri bat" aurreikusi du El Economista-k, enpresa jakin batzuentzat.
EZ DAGO IRUZKINIK