AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Benito Tiamzon eta Wilma Austria-Tiamzon CPPko buruzagiak. ARGAZKIA / PRWC
2023/04/21 11:26
Filipinetako Alderdi Komunistak (CPP) "gogor" gaitzetsi zituen atzo Filipinetako Indar Armatuak (AFP), ohar bidez, Benito Tiamzon eta Wilma Austria-Tiamzon alderdiko buruzagien "tortura basatiagatik eta hilketa koldarragatik". 2022ko abuztuaren 21ean Samar eskualdean haiekin batera hil zituzten "beste zortzi iraultzaileak" ere gogora ekarri dituzte.

Benito Tiamzonek 71 urte zituen erail zutenean, eta CPPko Batzorde Exekutiboko presidentea zen. 70 urteko Wilma Tiamzon, berriz, idazkari nagusia zen. CPPko buruzagitza politikoak argitu duenez, militante beteranoak Catbalogan hirirantz zihoazen, bi autotan banatuta eta alderdiko adar militarreko zortzi kidek lagunduta. Eguerdiko 12:00ak aldera AFPren unitate batek atzeman zituen. Antza denez, gainontzeko kideekin komunikazio oro galdu zuten berehala, eta armarik ez zeramatenez, ezin izan zuten euren burua defendatu.

Estatu-hilketak argitara

CPPk aste batzuk behar izan zituen Estatuak data horietan zabaldu zituen txostenen egiazkotasuna aztertzeko. Hala ere, Tiamzon anai-arreben bahiketa eta ondorengo sarraskiaren xehetasunak berreraikitzeko "hainbat hilabetetako ikerketa lana" egin behar izan dutela zehaztu dute. Alderdiko Batzorde Zentralak bildutako informazioaren arabera, tiamzondarrek "jipoi larriak" jaso zituzten militarren eskutik. Barne-txostenek lekukoen testigantzak aipatzen dituzte, biktimen aurpegiak eta gorputzak nola suntsitzen zituzten deskribatzen dutenak; antza denez, "objektu gogorrekin" kolpatzen zituzten.

CPPren Buro Politikoak armadaren txosten batera sarbidea izan zuen, "haien itsasontziak AFPren unitate batekin izandako tiroketa baten erdian eztanda egin ondoren hil zirela" iradokitzen zuena. Bertsio ofizialaren arabera, gertakaria Catbaloganeko kostan jazo zen, 2022ko abuztuaren 22an. "Itsasoaren erdian izandako ustezko tiroketa eta leherketa AFPk eta bere aholkulari militar estatubatuarrek sortutako antzerki bat dira, euren krimen faxista lotsagabearen froga oro ezkutatzeko", ondorioztatu du CPPk. Izan ere, Catbaloganeko hamarren gorpuak "lehergailuz betetako txalupa motordun batera" bota zituztela salatu du alderdiak, eta Catbalogandik Taranganeko uhartera eraman zituztela leherrarazi aurretik. Gerora, militarrek zortzi gorpu baino ez zituzten berreskuratu.

Sarraski antikomunistak

Halako hilketak Filipinetan "ohikoak" direla azpimarratu du CPPk: "AFPk harrapatutako iraultzaileen aurka nahita egiten dituen hilketen jarraibideari erantzuten diote". Hain zuzen, gutxienez beste bost kide "metodo berberak erabilita" erail zituztela salatu dute. Gauzak horrela, alderdiak justizia eskatu du abuztuaren 21eko sarraskiarengatik. Ziur daude bahiketa, tortura eta hilketa "AFPko goi-agintariek zuzendu zutela", eta izen-abizenez seinalatu dituzte, Task Force Trident-eko aholkulari militar estatubatuarrekin batera.

EZ DAGO IRUZKINIK