Bridgestone enpresak 335 langile bota nahi ditu Basauriko (Bizkaia) fabrikatik. Kaleratze masiboaren aurka borrokan ari da plantilla, eta beharginekin elkartasunez, adierazpen bat argitaratu du Hego Uribeko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS): "Gure elkartasuna adierazi nahi diegu mehatxatutako langileei eta haien bizi-baldintzak bermatzeko borrokan ari diren guztiei".
Haien irabaziak, gure miseria lelopean, Bridgestoneko egoerak agerian uzten duen "ezkutuko deslokalizazioa" salatu du LASek: "Urteak daramatzate ezkutuko deslokalizazio hau planifikatzen eta gauzatzen, ekoizpena lekuz aldatuz eta plantilla murrizten [...], langile-klasearen bizitzaren gaineko erabakiak nahi bezala hartzen, mahai-joko bat balitz bezala". Gogorarazi du, gainera, deslokalizazio-prozesuak "azpikontratetako, enpresa hornitzaileetako eta establezimendu txikietako ehunka langileri" ere eragiten diela. "Gu guztion aurkako erasoa da, eta gero eta nabarmenagoa da errentagarritasunaren eta metaketaren logikak miseriara garamatzala", ohartarazi du autodefentsa-sareak.
Hala ere, azpimarratu du oraindik ez dagoela "ezer erabakita": "Enpresak ekoizten jarraitzen duen bitartean, etekinak ahulguneak izango dira; beraz, irabazia eta irudi korporatiboa arriskuan jartzen dituen jarduera orok hobetu egingo du langileek gatazkan duten posizioa". Horregatik jo du "funtsezkotzat", hain zuzen ere, "irabazi kapitalista zalantzan jarriko duen antolakuntza".
Langile-batasuna oinarri
Hego Uribeko LASek azaldu du, bestalde, borroka egitearekin batera, "batasuna" dutela aldarri beharginek. Iritzi dio, hala, langileak "batuta" eta "kohesionatuta" egonda eta kaleratzeak "marra gorritzat" hartuta soilik izango dela posible "ofentsiba gelditzea". "Inor ezin da atzean geratu", esan du: "Enpresako zuzendaritza azpikontratazioaz baliatzen da langileak zatitzeko eta grebak hausteko, [...] beraz, klase-batasunak langile-klasearen indarra izan behar du". Eta uste du batasun hori ez dela bakarrik "enpresaren barruan" gauzatu behar: defendatu du "kaleratzeen mehatxuak zuzenean edo zeharka eragiten dien sektore guztietan" izan behar dela premisa.
"Batasun hori ehuntzeak duen zailtasunaz kontziente izanda ere, sektore horien guztien arteko koordinazioa da indarra biderkatzen duena eta borrokarako baldintza egokiak sortzen dituena", defendatu du Hego Uribeko LASek: "Auzotarrok, mugimendu politiko eta sozialekin batera, borrokan ari diren langileak aktiboki babesteko erantzukizuna dugu". Horri lotuta, Bridgestoneko beharginez gain, gogoan izan dituzte "itxiera edo kaleratze egoeran dauden BSH, Sunsundegui, Nano, Guardian, Astilleros Balenciaga, MFS Trapaga eta abarretako langileak". Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) joan den otsailean egin bezala, industriako egoerari "klase gisa aurre egitera" deitu dute Hego Uribetik.