AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/06 19:52

"Antolakunde komunisten defentsa egiteko eta Ezker Abertzaleak martxan daukan eraso kanpaina antikomunista salatzeko" elkartu dira gaur Euskal Herriko Mugimendu Sozialistako hainbat eta hainbat militante. "Tentsioa kaleetara eramateko hautua egin du [Ezker Abertzaleak], eta denon bistan dagoen bezala, horrek denon kalterako egoerak ekarriko ditu", azaldu dute agerraldi batean.

"Donostian (Gipuzkoa) aurreko astean zehar jazotako gertaera penagarriek egoera leherrarazi dute, baina kasu isolatu bat baino, ofentsiba politiko luze baten baitako azken gertakariak dira horiek. Ezer gutxi daukagu gehitzeko atzo Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistak esan zuenari", esan dute, Alde Zaharreko gertakariei erreferentzia eginda: "Aste osoan zehar jasandako jazarpena ikusita, larunbat gauean gure militanteen lintxamendu bat ekidin genuen, besterik ez. Gezur asko esan dituzte gertaera horien inguruan, eta ez horrek, ez eta gure militanteen kriminalizazio eta baztertze saiakerekin jarraitzeak ez dute laguntzen egoera hobetzen".

Luze doan ofentsiba

"Mugimendu Sozialista sortu zenetik, EH Bilduren eta Sorturen jarrera bere existentzia ukatu eta berau suntsitzen saiatzekoa izan da", ekarri dute gogora gaurkoan: "Eztabaida politikoan sartu beharrean, beraien indarra inposatzen saiatu dira, militantzia komunista biolentziaz eta ez argudioz ezabatzeko hautua eginez". Azpimarratu dutenez, aspaldi abiatu zituzten Mugimendu Sozialistaren kontrako "bazterketa, kriminalizazio eta intoxikazio estrategiak", helburu batekin: "Militantzia sozialista zokoratzea eta jasangaitza egitea".

"Gezurrera jotzea" ere ohiko praktika bat izan dela salatu dute: "Espainolistak garela, biolentoak garela, misoginoak garela, emakume sozialistok gizonek engainatu gaituztela, gure asmo bakarra Ezker Abertzalearen aurka egitea dela eta antzekoak ohiko akusazio bihurtu dira aspalditik".

Hala, "testuinguru irrazional horretan langileria osoaren tresna izango diren antolakunde sozialistak eraikitzea" bereziki "nekeza" izan dela diote Mugimendu Sozialistako kideek; "aurreiritzi faltsu askori aurre egin behar izan diegulako eta pertsonalki ez delako erraza egoera horri guztiari gainjartzea".

Ofentsibaren biziagotzea

Azken hilabeteetan, gainera, Mugimendu Sozialistaren kontrako ofentsiba hori guztia aregotu dela azaldu dute agerraldian, eta "ideia eta atxikimendu komunistaren zabalpenak" sortutako "kezkak" eragin duela horretan. Besteak beste, Mugimendu Sozialista "espazio publikoetatik kanporatzeko" hautua egin du Ezker Abertzaleak, nabarmendu dutenez.

Hainbat herritako txosnaguneetan gertatutakoa aipatu dute horren guztiaren isla modura: "Ahal duten toki guztietan antolakunde komunistei txosnaguneetan betoa jartzen ari dira; Gasteiz (Araba), Lazkao (Gipuzkoa), Hernani (Gipuzkoa) eta Lesaka (Nafarroa) horren adibideak dira". Kasu batzuetan, "EAJrekin daukaten pribilegiozko tratua erabili dute" Mugimendu Sozialistari beto politikoak jartzeko, eta zuzenean EH Bildu agintean dagoen udalerrietan, berriz, "arrazoi politikoak direla-eta" ukatu zaio mugimenduari "txosnak jartzeko eskubidea", "ustelkeriaren adibide ezin agerikoagoa dena".

Hamaika eraso, hautu politiko bat

Ofentsiba hori, baina, ez da txosnaguneetara mugatzen: "Horretarako indar nahikoa duten hainbat espaziotan egoteko eskubidea ukatu digute, aurreko astean, adibidez, Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladan militante komunisten aurkako betoa ezarri zuten, gazte asanbladaren izenpean gure antolakundeen aurkako kanpaina abiarazteko".

Mugimendu Sozialistako militanteen kontrako jazarpen sistematikoak, hala, forma ugari hartu dituela ohartarazi dute: "Euskal Herri osoan gure militanteak moralki (eta hainbatetan fisikoki) suntsitzeko estrategiak abiarazi dituzte, propaganda sistematikoki kentzen digute, ezkutuko grabaketak egin eta sareetara igo dituzte, Mugimendu Sozialistako militante izateagatik EH Bilduko jendearen partetik lan-jazarpen kasuak ematen ari dira, legez kanpoko kaleratzeak eta kaleratze xantaiak izan dira arrazoi ideologikoengatik, institutuko Sortuko irakasleen partetik Ikasle Abertzaleakeko ikasleen umiliazio eta diskriminazio kasuak areagotzen ari dira, sare sozialak jazarpen sozialerako espazio bihurtu dituzte, komunisten aurkako irainak, ukabilkadak eta heriotza-mehatxuak egon dira azken boladan, eta abar luze bat".

Horren guztiaren atzean EH Bilduren eta Sorturen "apustu politiko bat" dagoela salatu dute: "Alderdi horiek, gazte langileen artean hegemonia galtzen ari direla ikusirik, kaleetan tentsio eta biolentzia fokoak pizteko hautu desesperatua egin dute komunismoaren zabalpena ekiditeko, jakin badakitelako eztabaida politikoa galtzen ari direla".

Muinera

Seinalatu dute, bestalde, "Espainiako Estatuan integratuta dagoen alderdi bat" dela EH Bildu, eta, "alderdi sozialdemokrata gisa, langileria Estatuarekin eta Kapitalarekin lerratzeko funtzioa betetzen duela". "Erdi mailako klasearen interesak ordezkatzen dituen alderdi nagusia da Euskal Herrian, ordenaren eta Estatuaren egonkortasunaz arduratzen dena, Estatuko beste edozein alderdi bezala. Gainera, ardura bikoitza dauka horretan, bere iragana dela-eta konpromisoak dituelako espainiar erregimenaren agintaritzarekin".

Gaineratu dute "protagonismo politikoa edukitzera ohituta dagoen erdi mailako klase nazionala ordezkatzen" duela EH Bilduk, eta "gazte langileen adierazpen komunista berriek hegemonia eta protagonismo hori kendu ahal diotela ikusirik edozertarako prest agertzen" ari dela, "kaleetan bere antolakunde sateliteak erabilita", edota, "herri mugimenduaren izenean, bandera faltsuko tentsionamendu estrategia bat abiarazita".

Marra gorriak

"Guk ez daukagu inolako interesik kaleetan tentsio eta guda ireki batean parte hartzeko, sozialdemokraziaren bandera faltsuak oraindik langile andana batzen duen momentu honetan", argitu dute Mugimendu Sozialistako kideek: "Gure indarra gure proiektu politikoan dago, eztabaida politikoan elikatzen da, eta Kapitalaren dinamikari aurre eginez hazi da, azken urteetan agerian utzi dugun moduan".

Dena den, azaldu dute haien "ardura" dela "sozialdemokraziaren ofentsibaren aurrean marra gorriak argi uztea, Kapitalaren aurkako borrokaren parte ezinbestekoa baita militantzia komunistarako baldintzak borrokaz defendatzea eta handitzea"; hain zuzen, "indar antolatua erabilita". Mugimendu Sozialistak jarritako marra gorri horietako batzuk zeintzuk diren jakinarazi du, hala: "militanteen segurtasuna, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea eta finantzatzeko eskubidea".

"Marra gorri horiek errespetatzen badira, gu negoziaketarako prest agertzen gara, kaleetako tentsioa jaisten laguntzeko eta benetan inori interesatzen ez zaion tentsio eszenatoki orokortu bat ekiditeko", aldarrikatu dute: "Beraz, EH Bildu eta Sortu alderdiei dei egiten diegu txosnetako beto politikoen kanpaina eten dezaten, gure militantzia politikoa aitortu eta errespetatu dezaten, eta gure antolakundeen aurkako jazarpen eta intoxikazio kanpainekin bukatu dezaten".

"Langileria osoaren tresna izango diren antolakunde sozialistak defendatzeko prestutasunarekin batera, gazte langileen arteko guda zentzugabe bat ekiditeko borondatea agertzen dugu", gehitu dute agerraldian: "Aipatutako marra politikoak errespetatzeko borondatea badago, Ezker Abertzalearekin negoziaketarako prest agertzen gara. Baina gure antolakunde eta militanteen aurkako erasoek jarraitzen badute, komunismoaren aurkako kanpaina zikinak jarraitzen badu, EH Bildu eta Sortu alderdiak udan sor daitekeen agertokiaren erantzule egiten ditugu".

Gaurko agerraldia:


EZ DAGO IRUZKINIK