AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/31 11:40

Alarmak piztu dira gaurkoan ere: Euskal Herriko are txoko gehiagotan izan dira ziztada bidezko erasoak bart, festa giroan. Baionan (Lapurdi) beste 33 emakume ziztatu dituzte gauean, eta horrekin, guztira 112 dira jaiak hasi zirenetik eraso horiek jasan dituzten emakumeak. Hamasei ziztada izan ziren asteazken gauean, 24 ostegun gauean, 39 ostiral gauean eta 33 atzo gauean.

Bestalde, Villabonan (Gipuzkoa) txosnagunea eta tabernak itxi dituzte goizaldeko 01:30ak aldera, hainbat emakumek jakinarazi dutelako ziztatu egin dituztela. Ostiral gauean, gainera, herri bereko jaietan hainbat emakume drogatu zituzten, Tolosaldeko Itaiak atzo azaldu zuenez. Gutxienez bi emakume bortxatzen saiatu ziren.

Horretaz gain, Zierbenan (Bizkaia) ere eman dute ziztada bidezko hainbat erasoren berri: bart hainbat emakumek salatu dute ziztadak sentitu dituztela, eta ondorioz, goizaldeko 05:00ak aldera itxi dute Arena hondartza inguruko txosnagunea.

Bilbon (Bizkaia) ere eman dute zenbait kasuren berri: bi emakume ziztatu dituzte Back Stage diskotekan, goizaldean. Basurtuko erietxeko larrialdi-zerbitzuetan artatu dituzte.

Azpeitian (Gipuzkoa) atzo hasi ziren jaiak, eta EITB-ren esanetan, baieztatu dute emakume bat artatu dutela bart anbulatorioan, ziztada batengatik.

Bestetik, Gasteizko (Araba) diskoteka batean beste emakume bat ziztatu dute goizaldean, eta Txagorritxun artatu behar izan dute. Arabako hiriburuan azken egunetan izan den laugarren ziztada bidezko erasoa da.

Ez dute etenik, beraz, Euskal Herrian argitara ateratzen ari diren kasuek. Azken egunetan, Algortan (Bizkaia), Zarautzen (Gipuzkoa) zein Santurtzin (Bizkaia) ere izan dira ziztada bidezko erasoak.

Hori gutxi balitz, asteburu honetan bi gizonezko atxilotu dituzte Zizurkilen (Gipuzkoa), emakume bati sexu-erasoa egiteagatik. Lapurreta ere egin zioten.

EZ DAGO IRUZKINIK