AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La OpiniĆ³n de Murcia
2024/09/12 12:03

Beste behin ere, ez da inolako zalantzarik zuzenbide burgesak ematen duen inpunitate selektiboaren inguruan. Murtziako zazpi enpresaburu egon dira auzipetuta, adin txikiko pertsonen prostituzio-sare bati lotuta. Dena den, azkenean ez dute bat bera ere kartzelaratuko, akordio bati esker.

Itun horren barruan, eta zigorrak ahalik eta gehien jaisteko asmoz, akusazio batzuk onartu dituzte inputatuek. Aitortu dute, esaterako, dirua ordaindu zietela adin txikiko hainbat pertsonari, haiekin sexu-harremanak izatearen truke. Gainera, akusatuen zigorrak murrizteko beste argudioetako bat izan da prozesu judiziala hainbeste atzeratu izana: hamakada bat behar izan dute epaiketa egiteko.

2014an atera zen argitara adingabeen esplotazio-sarea, eta, hasieran, 24 eta 56 urte arteko espetxe-zigorrak eskatu zituzten proxenetentzat eta bortxatzaileentzat. Azkenean, ordea, bost hilabete eta bi urte arteko zigorrak jarriko dizkiete, egotzitako delitu bakoitzagatik (guztiz berresteko dago oraindik bi urteko zigorrak dituztenek ere kartzela saihestu ahal izango dutela).

Bestalde, ezarriko dizkieten isunak 450 eta 720 euro artekoak besterik ez dira, eta bortxatu zituzten pertsonei ordaindu beharreko kalte-ordainak, berriz, 500 eta 2.000 euro artekoak.

14 eta 17 urte arteko neskak jopuntuan

Akusatutako enpresariek bortxatu zituztenean, 14 eta 17 urte artean zituzten biktimek. Badirudi diskoteketan eta ikastetxeetan jotzen zutela eurengana proxenetek, eta "behar- eta zaurgarritasun-egoeran" zeuden adingabeak harrapatu ohi zituztela, epaitegian bertan adierazi izan denez.

Bortxaketak antolatzeaz gain, ehunka irudi pornografiko eskatu zizkieten neskei, eta katalogo bat sortu zuten horiekin. Gainera, erasotzaileek hitzemandako diru-kantitatea baino askoz ere gutxiago ordaintzen zieten gero; iruzur egiten zieten, eta hitzartutakoaren herena jasotzen zuten gazteek, gutxi gorabehera.

Enpresaburuen artean daude abokatu-langela bateko kideak edota etxebizitzen promotore bat, Cartagenako Enpresarien Elkarteen Konfederazioko presidenteordea izandakoa. Epaitegian bertan mahaira atera zutenez, jakitun ziren prostituzio-sareko biktimak adingabeak zirela, eta nahita jotzen zuten haiengana. Nesketako batzuei espresuki eskatzen zieten 15-16 urte zituztela esateko, "morboa" sortzen zielako bortxatzaileei.

EZ DAGO IRUZKINIK