AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Dan Jørgensen (X)
2025/05/08 10:45

Dan Jørgensen Europako Energia komisarioak atzo Europako Parlamentuan adierazi zuenez, "Europak XXI. mendeko sareak behar ditu", apirilaren 28an Iberiar Penintsulan izandako itzalaldiaren ostean. Estrasburgon esan zuen Europar Batasunak "biltegiratzean, malgutasunean, digitalizazioan eta elektrifikazioan inbertitu" behar duela, baina saihestu egin zuen ikerketa teknikoak amaitu arte itzalaldiaren kausak zehaztea. Jørgensenek iragarri zuen, gainera, lan-talde bat sortuko duela "energia-sistemen koordinazioa hobetzeko" eta hornidura-segurtasunari buruzko lege-proposamen bat egingo duela, EFE agentziaren arabera.

Eztabaida parlamentarioak zatiketa sakonak erakutsi zituen Espainiako Estatuko eurodiputatuen artean. Dolors Montserratek (PP) "nuklearrak deabrutzea" leporatu zion Pedro Sanchezen gobernuari. "Dena idatzita zegoen, denari entzungor egin zitzaion eta denak huts egin zuen", salatu zuen. Nicolas Gonzalezek (PSOE) erantzun zuen "Espainian ez dela nuklear bakar bat ere itxi Sanchezen gobernuaren pean", eta "nuklearren eta berriztagarrien arteko eztabaida faltsua" dela. Bestalde, Voxeko Jorge Buxadék "fanatismo klimatikoa" kritikatu zuen, eta Estrella Galán (Sumar) eta Irene Montero (Podemos) "oligopolio" energetikoaren aurka agertu ziren.

Horretaz gain, Jørgensenek gaitzetsi egin zuen batzuek itzalaldia "Itun Berdeari erasotzeko aitzakia gisa" erabili izana, eta galdegin zuen: "Segurtasun energetikoa hobea da Putinen erregai fosilen menpe bagaude?". Adam Szlapka Poloniako ministroa, EBko Kontseiluko presidentetzaren izenean, bat etorri zen "interkonektoreak indartzeko beharrarekin", baina "behin betiko ondoriorik" ez ateratzeko eskatu zuen, Madrilek, Lisboak eta Sare Kudeatzaileen Europako Sareak (ENTSO-E) egiten dituzten ikerketa teknikoak amaitu arte.

EZ DAGO IRUZKINIK