Europako Batzordeak hiru hilabeteko epea eman dio Espainiako Gobernuari apirilaren 28an Iberiar Penintsula osoan eta Ipar Euskal Herrian izandako itzalaldi elektriko handiari buruzko ikerketa aurkezteko, Europa Press-ek jakinarazi duenez. Aldi berean, Bruselak "txosten independente" bat egin diezaiotela ere eskatuko du, gehienez ere sei hilabetean argitaratuko litzatekeena, eta "gomendio tekniko" batzuk jasoko ditu bertan, ustez, hornidura gehiago eten ez dadin.
Batasuneko iturriek Europa Press agentziari azaldu diotenez, larritasun-mailen Europako sistemaren arabera sailkatuko da azken itzalaldia (0tik 3ra), eta, aurreikuspenen arabera, kasu larrienei dagokien 3. kategorian sartuko dute. 2024ko ekainean, Kroazian gertatutako mozketa partzial bat ere kategoria horren barruan sartu zuten. Hainbat herrialdetan eragina izan zuen.
Europako Batzordearen txostenak, antza denez, itzalaldiaren bilakaerari buruzko datu teknikoak jasoko ditu "segundotik segundora". Eta badirudi ikerketan parte hartuko dutela Espainiako, Frantziako eta Portugalgo operadore elektriko batzuek, kanpoko hainbat adituz eta Energia Erregulatzaileen Lankidetza Agentziako (ACER) ordezkariez gain.
Bien bitartean, Paula Pinho Europar Batasuneko bozeramaileak adierazi du Espainiako Sare Elektrikoak baztertu egin duela astelehenekoa "zibersegurtasun-gertakari bat" izatea, eta gaineratu du: "Gertakariaren arrazoi osoei dagokienez, Espainiaren ebaluazio osoaren zain jarraitzen dugu".