AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Reuters
2022/10/28 16:00

Bere mehatxua bete du Europako Banku Zentralak: interes-tasak ehuneko 0,75 puntu igo ditu, %2ra. 2009. urteaz geroztik ikusitako zifra altuenak dira azken igoerak utzitakoak, eta hiru hilabete eskasetan ehuneko bi puntuko igoera izan du. Inflazioa ia %10era hurbiltzen ari den honetan, diruaren prezioaren igoerarekin eskaria murriztu nahi dute moneta erakundeko arduradunek.

Prezioen igoerak, baina, gehiago zor dio eskaintzaren jaitsierari eskariaren igoerari baino; energiaren zein elikagaien merkatuetan, kasu honetan. Orduan, aurreikusgarria da interes-tasaren igoerak inflazioren murrizketa handirik ez eragitea. Adituek %2,5erainoko interes-tasak aurreikusten badituzte ere, EBZk tentu handiz igo beharko ditu atzeraldia ez eragiteko.

"Bileraz bilera erabakiko da", aurreratu du moneta erakundearen lehendakari Christine Lagardek ostegun honetan. Eurogunean atzeraldiaren arriskua "areagotu" egin dela aitortu du, "langabeziaren igoera" aurreikustearekin batera. Lagarderen ustez, litekeena da urteko hirugarren hiruhilekoan euroaren eremuko jarduera ekonomikoa nabarmen moteldu izana, eta 2022. urte amaierarako zein 2023 hasierarako "ahultze handiagoa" gertatzea. Gauzak horrela, epe laburreko adierazleek lanpostuak sortu direla iradoki arren, "ekonomiaren ahultzeak etorkizunean langabezia handixeagoa ekar lezakeela" ohartarazi du EBZren lehendakariak.

Hipotekak gora

Espero zen bezala, ostegun honetako tasen igoerak kredituak eta hipotekak garestituko ditu. Luis Franciso Ruiz CMC Markets-eko analistak Canal 24 Horas telebista katean azaldu duenez, "tasa aldakorreko hipotekak dituzten guztiek kontsumo maila murriztu beharko dute". Izan ere, hilean 250 euro igoko dira batez beste.



EZ DAGO IRUZKINIK