Ana Belen izeneko emakume bat eta bere bikotekidea atzo goizean etxegabetu zituzten Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharrean. Aurrez jakinarazpenik egin gabe eta gizarte-zerbitzuekin oraindik ere bizitoki-alternatiba baten inguruan hitz egiten ari zela, sekulako dispositiboa ezarri eta bere etxera modu bortitzean sartu ziren indar polizialak goizean goiz, mehatxu artean, etxetik alde egin zezan presioa eginez. Ana Beleni botikak hartzen ere ez zion utzi Poliziak, larriki gaixorik egon arren.
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi zuenez, "inolako berme legalik gabe eta mehatxupean gauzatutako etxegabetze erabat irregularra" izan zen, eta maizterrak ez zeukan bizitoki-alternatiba baten inguruko inolako akordiorik itxita udalarekin: "Ana Belen bere etxetik bota dute bere eskubide guztiak urratuz, eta behin etxegabetuta, alternatiba bat onartzea beste erremediorik ez zaio gelditu".
Etxegabetzea salatzeko eta etxegabetutako pertsonei babesa adierazteko, protesta bat antolatu zuen Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: Etxegabetzeak gelditu! lelopean, arratsaldeko 18:30ean izan zen elkarretaratzea udaletxe aurrean.
"Gaur, jabe handi batek etxe bat berreskuratu du negozioa egiten jarraitzeko, eta bi pertsonak beren bizilekua galdu dute", seinalatu zuen sindikatuak: "Beste behin ere, etxejabe handi baten negozioaren mesedetara jarri dute haien makineria legal eta polizial guztia. Beste behin ere, etxebizitzaren negozioa gailendu da etxebizitzarako eskubide unibertsalaren gainetik".
"Etxegabetzea isilpean gertatzea nahi zuten, eta horregatik abisurik gabe egin dute oraingoan, erantzun soziala emateko aukera oro deuseztatuz", azaldu zuten kontzentrazioan, bestalde. Izan ere, berez ekainaren 4rako zegoen ezarrita desalojoa, baina etxe-kaleratzeari aurre egin eta behin-behinean geratzea lortu zuen sindikatuak.