AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/15 12:47

Euskal Herriko hainbat hiriburutan eta eskualdetan sortu dituzte Etxebizitza Sindikatuak azken urtean. Orain, berri onak datoz Lizarraldetik eta Izarbeibarretik ere: Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, Etxebizitza Sindikatu bat jarri dute martxan Nafarroako bi eskualde horietan, etxebizitzaren arloan "autodefentsa sozialista antolatzeko asmoz". Deiadar nagusi modura, "kalitatezko etxebizitza doako eta unibertsala" aldarrikatu du, "Estatu Sozialista eraikitzeko" bidean.

Lizarraldeko eta Izarbeibarko Etxebizitza Sindikatuak ohartarazi duenez, "aurrekaririk gabeko krisi bat ari gara bizitzen", eta "etxebizitzaren esparrua ez da salbuespena". "Jabe handiek eta errentariek ahaleginak batzen dituzte, instituzio burgesen laguntzarekin, prezioak handitzeko, jabetza gehiago metatzeko eta espekulazio-prozesuak suspertzeko", xehatu du: "Indarrak batzen dituzte langileriaren soldatak are gehiago murrizteko".

Horri lotuta, "etxebizitzaren arazoa eta horren adierazpen partikularrak areagotzen" ari direla azaldu dute sindikatuko kideek; esaterako, "etxegabetzeak, kalitate txarreko etxebizitzak eta emantzipatzeko ezintasuna".

"Etxebizitzaren arazoa egiturazkoa dela azpimarratu eta bizi-baldintzen okertzearen aurka borrokatuko" du Etxebizitza Sindikatu berriak. Esan du, dena den, "ez dela nahikoa okertze horren aurka borroka egitea, eta geure burua defendatzeaz gain, etxebizitzaren arazoa erabat eta behin betiko gainditu dezakeen proiektu politiko baten norabidean antolatu behar ditugula borroka-prozesu horiek guztiak". "Norabide" hori, hain justu, "etxebizitza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa" dela uste dute sindikatuko kideek, eta hori "Estatu Sozialista baten bidez baino" ezin dela ziurtatu.

"Borroka horretan aurrera egiteko" sortu dute Etxebizitza Sindikatua, eta "alderdi parlamentarioen sistemarekiko independenteak diren antolakuntza-tresnak" elikatu nahi dituzte. "Langileontzako, etxebizitzaren arazoaren gainditzea ez da politikari profesionalen eskutik etorriko, baizik eta arazoa zuzenean pairatzen dugunon auto-antolakuntzatik", gaineratu dute sindikatuko kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK