AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: itzalpe.eus
2020/03/07 19:07

Ertzaintzak Zizurkilgo (Gipuzkoa) Kaxilda gaztetxea hustu eta hurrengo egunean, agerraldia egin dute Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek. Hala, asanbladaren eta gaztetxearen sorrerak, Zizurkilgo Udalarekin (EH Bildu) izandako harremana zein haien gain izan duten prozedura judiziala azaldu dituzte, eta aurrera begira, espazio baten aldeko borroka berretsi dute.

URTE ETA ERDI

Duela urte eta erdi jaio zen Aiztondoko Gazte Asanblada, "bi kezkak bultzaturik": "bailara mailan instituzioetatik at antolatzen den mugimendu zein formakuntza politikoaren gabeziak" batetik, eta "tabernetan ematen den harreman-eredu kontsumistak", bestetik.

"Gabezia horiei aurre egiteko baldintza errealak sortzeko" bidean, "espazio baten beharra" azaleratu zela diote asanbladako kideek. Orduan jarri ziren harremanetan Zizurkilgo Udalarekin, "proiektua aurkezteko eta espazio fisiko baten beharra adierazteko". "Udalak [...] ez zigun inongo momentuan gure jarduna aurrera eraman ahal izateko espaziorik bermatu, ezta gure proiektua ahalbidetu zezakeen gunerik eskaini ere".

Hortaz, "urte luzez kapital metaketara kondenatuta egon zen espazio baten birjabetzea emateko hautua egin" zuten asanbladako kideek, aurrerantzean Kaxilda modura ezaguna izango zen gaztetxea martxan jartzeko, eta hala egin zuten: apirilaren 19an sartu ziren lantoki ohi batera. "Metaketara bideratutako espazioa zena, langile autonomia sustatzeko, klase boterea eraikitzeko eta autodefentsa artikulatzeko gune bihurtzeko elkarlanari ekin genion", diote.

ERREPRESIOA ETA NEGOZIAZIOA

Behin eraikina birjabetuta, errepresioa "berehalakoa" izan zela azpimarratu dute asanbladako kideek, "espazioaren legezko jabeek justizia burgesaz baliaturik gure aurka prozesu judiziala ireki baitzuten". "Usurpazio delitu arina" leporatu zieten gaztetxeko bi kideri.

Hala, "espazioa beretu eta erabili asmoz", hiru aldedun negoziazio mahaia ireki zuten asanbladatik: asanblada bera, EH Bilduk gobernatzen duen Zizurkilgo Udala, eta espazioaren legezko jabeak.

"Negoziazio prozesua pisutsua, konplexua eta trabaz betea" izan zela diote asanbladako kideek, eta "porrotaren" arrazoiak "borondate politiko eza" eta "interes ekonomiko indibidualista" izan zirela azpimarratu dute.

EPAIKETA ETA HUSTEA

Aurrera egin zuen gaztetxearen aurkako prozedura judizialak, eta hasiera batean epaiketa irailaren 24rako deitu bazuten ere, azkenean, abenduaren 3an epaitu zituzten asanbladako bi kide. Eraikinaren berehalako hustea agindu zuen epaileak, baita auzipetuentzako hiru hilabeteko espetxe zigorra eta 1.080 euroko isuna ere.

Ertzaintzak atzo, martxoak 6, gauzatu zuen epailearen ebazpena: goizean goiz hustu zuen Kaxilda. "Burgesiak ez du inoiz onartuko bere boterea kolokan jarri dezakeen inongo agente zein jardun politikorik", dio asanbladak.

HAUTUA ETA INTERPELAZIOA

Dena den, aurrera begira jarri dira dagoeneko Aiztondoko Gazte Asanbladako kideak, eta gaurko agerraldian berretsi egun dute espazio baten aldeko borroka, "gaztetxeak          beharrezko tresna ditugulako gazte langileok antolatzeko".

Salatu dute udaletxeko kideen "borondate politiko ezak" eragin duela egoera; beraz, "beren erantzukizun politikoa betetzeko" eskatu diete. "Gure beharretara egokituko den espazio bat exijitzen diegu", gaineratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK