AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/05/26 18:58

Unibertsitate publikoetako ikasleak zigortzeko lege berria mahaigaineratu du Espainiako Ministroen Kontseiluak astearte honetan. Unibertsitateko Bizikidetza Legea delakoa "gatazkak ikuspegi demokratikotik konpontzera" omen dator, "ikasleen arteko jazarpen eta sexu-erasoetan esku hartzera", Espainiako Gobernuko kideen esanetan. Bide diziplinariotik ebatziko diren falta gehiago zerrendatu dituzte ordea; hala nola, "unibertsitate-ondareari egindako kalteak", "biolentzia", "idazlanen plagioa edo iruzurra", "unibertsitateko hauteskunde-prozesuen garapena eragoztea" nahiz "klaseak edo unibertsitateko beste edozein jarduera galaraztea".


Aurreko guztiak "falta larritzat" jotzen ditu araudi berriak, eta bi hilabetetik hiru urtera arteko kanporaketak edota matrikulazio-eskubideen galera partzialak aurreikusten ditu halako kasuentzat. Tokian tokiko campusetan osatutako Elkarbizitzarako Batzordeak arduratuko lirateke zigorren kudeaketaz; "prozedura diziplinarioen parte diren pertsonekin bitartekaritza-lana egiteko", Espainiako Unibertsitateen Ministerioaren arabera. Hala ere, unibertsitateak berak ezarritako "hautazko" bitartekaritza topaketa horietan parte hartu nahi ez duten inplikatuei zigor-erregimena ezarriko zaie zuzenean, baita arau-haustea "unibertsitateko ondareari eragindako kalteei" badagokio ere.


Aurrekari faxista


Unibertsitateko Bizikidetzaren Legearen aurretik, Diziplina Akademikoaren Araudia sartu zuten indarrean, 1954tik gaurko egunera arte. Frankismo garaian idatzitako legea da, eta bereziki zigortzen ditu "desobedientzia kolektiboa" eta "instituzioen printzipioekin bat egiten ez duten jarduerak". Espainiako Estatuko unibertsitate publikoek ikasle mugimenduaren aurka jo izan dute araudi frankista hori eskuan hartuta.


Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), adibidez, espedientea zabaltzearekin mehatxu egin zion Gasteizko (Araba) campuseko ikasle bati iazko martxoan, garbitzaileen grebako ekintzetan parte hartzeagatik. Beste hamaika kasu ere atera dira argitara gurean.


UIBren salaketa


Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) ez du uste araudi berriak funtsezko aldaketarik dakarrenik. Kontrara, "gobernuaren proposamen berriak, autoritarismo hori ezabatu ordez, aurpegia garbitu nahi izan dio legeari berridazketa baten bidez", azaldu du unibertsitateko eragileak.


Zigor-mekanismoen eguneraketak Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko (LOSU) berriaren segidan datozela ohartarazi dute gainera UIBko kideek; "unibertsitatean gauzatzen ari den ofentsibaren baitan". Izan ere, unibertsitatean "aldaketak" aurreikusten ditu UIBk epe motzean: "Langile klasearen baldintzak okertzen ari diren honetan, bere askatasunak murrizten ari dira, erasoek erantzunik izan ez dezaten".


Adibide modura, hainbat campusetan jazotako gertakariak ekarri dituzte gogora: Ibaetako campuseko (Donostia, Gipuzkoa) desalojoa, Gasteizko campuseko (Araba) jazarpen politikoa, Leioako campuseko (Bizkaia) presentzia poliziala nahiz Eibarko campuseko (Gipuzkoa) ikasle egoitzako azken gertakariak.

EZ DAGO IRUZKINIK