AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/09 11:04

Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) aurreko hilean argitaratu zuen Demokraziaren kalitatea izeneko azterketaren hirugarren edizioa. Inkesta egin duten gazteei dagokienez, nabarmen egin du gora "egoera batzuetan" gobernu autoritario baten alde egingo luketen gazteen portzentajeak: %17,3 dira 18 eta 24 urteko gazteen artean, eta %17,4 dira 25 eta 34 urtekoen artean.

CISek 2009an egin zuen azkenekoz inkesta hori, eta ordutik, ia %10 igo da "egoera batzuetan gobernu autoritario bat sistema demokratiko bat baino hobea" dela defendatzen duten gazteen ehunekoa. 2009an, 18 eta 24 urteko gazteen %6,8 ziren ideia hori babesten zutenak, eta 25 eta 34 urte artekoen %8,2. 

Desatxikimendua sistema "demokratikoarekiko" eta politikari profesionalekiko

Adin guztietako inkestatuen artean, %71,9k diote "harro egoteko" modukoa dela Espainiako Estatuan nola garatu zen Trantsizioa deiturikoa. Dena den, une honetan, %54,9 dira "demokraziaren" funtzionamenduarekin ez daudela "oso pozik" edo "batere pozik" ez daudela diotenak. Horretarako gehien nabarmentzen den arrazoietako bat da politikarien "ustelkeria" eta horri aurre egiteko mekanismoen falta, inkesta erantzun dutenen %85,1ek iritzi diotenez.

Bestalde, %75ek uste dute gobernuan dauden politikari profesionalek "beti bilatzen" dituztela euren "interes pertsonalak", eta %73k pentsatzen dute gizarte zibilak ez daukala "inolako influentziarik gobernuak egiten duen horretan". %39,6k ez dauka "bat ere konfiantzarik" Espainiako Gobernuan, eta %19,1ek norbere autonomia-erkidegoko gobernuarekiko konfiantza falta ere erakusten du.

Polizia, zuzenbide burgesa eta masa-komunikabideak

Estatuko Indar Armatuak deiturikoei dagokienez, inkestatuen %22k bakarrik erakusten dute horiekiko konfiantza. Bestetik, El País-ek jasotzen duenez, gehiengoak iritzi dio Justizia ez dela berdina guztientzat, eta %78,5ek seinalatzen dute Justizia horrek ez duela berdin funtzionatzen "pobreentzat edo aberatsentzat". Gainera, %5 baino ez dira zuzenbide eta Justizia burgesean guztiz sinesten dutenak; eta, kontrara, %16k diote ez dutela bat ere konfiantzarik erabaki eta esku-hartze judizialetan.

Horrez gain, masa-hedabideei erreferentzia eginez ere nabaria da mesfidantza. %3,3 besterik ez dira horiekiko "konfiantza osoa" erakusten dutenak, eta, aitzitik, %16,7k azaldu dute ez dutela bat ere konfiantzarik komunikabide horietan esaten denarekin. %80,7k baieztatzen dute masa-hedabideek gezurrak zabaltzen dituztela, eta %88,7k defendatzen dute "iritzi politiko edo interes ekonomiko batzuk" lehenesten dituztela.

EZ DAGO IRUZKINIK