AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Espainiako Polizia, Pablo Haselen espetxeratzearen aurkako manifestazio batean, Iruñean. ARGAZKIA / GEDAR LANGILE KAZETA
2022/09/14 13:22
Espainiako Barne Ministerioak dagoeneko hasi ditu gomazko 58.630 pilota eskuratzeko izapideak, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren istiluen aurkako unitateen armategia berritzeko. Azken hamar hilabeteetan materiala erosten aritu dira, Mozal Legea moldatzea Espainiako Kongresuan eztabaidagai den honetan.

Polizia-elkarteak errepresiorako tresneria murriztearen aurka agertu dira dagoeneko, kaleko istiluei aurre egiterakoan "galera operatiboa" izango litzatekeela iritzita. Iridia giza eskubideen aldeko Kataluniako elkartearen 2021eko ekaineko txostenaren arabera, 2000. eta 2020. urteen artean 26 lagunek jasan dituzte zauri larriak poliziek jaurtitako gomazko piloten inpaktu zuzenen ondorioz. Horietako bat, Iñigo Cabacas, Ertzaintzak buruan emandako pilotakadaren ondorioz hil zen. Beste hamabostek organoren bat galdu zuten; begi-globoa, gehienek.

Horrez gain, ez da ahaztu behar 2014ko otsailaren 6an Guardia Zibilak hamabost pertsona migratzaile ito zituela Ceutako Tarajal hondartzan, Maroko eta hiri autonomoa bereizten dituen dikea igerian gurutzatzen saiatzen ari zirela. Guardia Zibileko 56 agentek 145 pilotakada eta bost ke-pote jaurti zizkieten, igerian ari ziren bitartean.


Ezkerraren antzerkia

Podemos, ERC eta EH Bildu barne-oposizioaren antzezlana egiten ari dira beste behin. "Herritar segurtasunari buruzko legea" erreformatzeko Espainiako Kongresuan izaten ari den negoziaketaren parte dira inbestidura-bazkideak, eta aipatutako ezkerreko alderdiek Mozal Legea-ren moldaketa ez babestearekin mehatxatzen omen dute PSOE, baldin eta gomazko piloten indartzea atzera botatzen ez bada. Kontua da, baina, Podemosi, ERC-ri eta EH Bilduri PSOEri berari baino gehiago interesatzen zaiela Mozal Legea aldatzea.

Gainera, Marlaskak eta enparauek neurriarekin aurrera jarraituko balute ere, zentsura-mozioaren mehatxurik gabe hartuko luketen enegarren neurri atzerakoia litzateke. Itxurak itxura, Podemosek, ERC-k eta EH Bilduk ez dute Sanchez Moncloan sostengatzea ez den beste planik, ezta inolako baldintzarik ezartzen ere.

EZ DAGO IRUZKINIK