Astelehenean izan zen Escalerillaseko hainbat bizilagunen aurkako epaiketa Donostian (Gipuzkoa). Izan ere, legez maizter gisa aitortuak izateko titulartasunik ez diete eman oraingoz pertsona horiei, eta, beraz, usurpazioa leporatu eta haiek Trintxerpeko (Gipuzkoa) etxebizitza-bloketik berehala kaleratzeko prozesu zibilari heldu zion Pasaiako Portuak, "prekariotzat" jotako prozeduraren bidez.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta astelehenean epaituak izan ziren pertsonen defentsak, baina, desalojo-prozesua gera zedila eskatu zuten, eta azaldu zuten ez duela "zentzurik" maizter horiei usurpazioa egozteak: hamarkadak daramatzate etxe horietan bizitzen, errenta eta mantenu-lanak ordaintzen, eta, zenbaiten kasuan, lan-harremanak izan dituzte Pasaiako Portuarekin. Hori dela eta, auzitara eramandako familia horien kasuan, isileko subrogazio-egoera batean daudela defendatu zuten asteleheneko epaiketan.
Epaileak zalantzan jarri du ea etxebizitza-blokeak jabetza publikokoa izateari utzi ote zion
Asteazkenean atera zen sententzia, eta sindikatuak jakinarazi duenez, epaileak ekidin egin du isileko subrogazio bat dagoen edo ez ebaztea. Horren ordez, seinalatu du beharbada Escalerillaseko etxeek inoiz ez diotela utzi jabetza publikokoak izateari. Sindikatuak argitu duenez, hori hala izango balitz, ez litzateke isileko subrogazio posiblerik egongo, baldintza hori ez baita existitzen jabari publikoko ondasunetan.
Sindikatuak gaineratu du, dena den, prozesu judizial osoak oinarritzat izan duela etxebizitza-blokea "izaera pribatuko" jabetzatzat hartzea, erakunde publiko batena (Pasaiako Portua) izan arren. Bai portuko agintaritzak bai sindikatuak abiapuntu gisa izan dute ulertzea blokeak jabari publikokoa izateari utzi ziola bere garaian, portuaren ondasun izatera pasatzeko, hala adierazi baitzuen 2006an Sustapen Ministerioak, idatzizko agindu baten bidez.
Donostiako epaileak orain dio, ordea, ez dela frogatu ea hori gauzatzera iritsi zen eta akta ofizial batean argitaratu zen. Modu horretan, zalantzan jarri du ea Trintxerpeko etxebizitza-blokeak egiaz utzi ote zion jabari publikokoa izateari. Horren faltan, sindikatuak azaldu duenez, "presuntzio" bat ezarri du: "blokea jabari publikoko ondasuna" dela eta, hortaz, ez dagoela subrogazio-egoerarik; behintzat, ez bada frogatzen benetan burutu zela jabari publikokoa izateari lagatzeko prozesua.
Helegiteak jartzeko aukera
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du epailea "formalismo huts baten atzean ezkutatu" dela eta, horren bidez, "ontzat ematen" ari dela Pasaiako Portuak mahaira ateratako desalojo-prozedura, Escalerillaseko bizilagunak etxegabetzen hasi ahal izateko. Orain, helegiteak aurkezteko "aukera guztiak" aztertzen ari dira sindikatutik.
Dena den, aldarrikatu dute Pasaiako Portuarekin irtenbide bat adostearen alde egiten jarraitzen dutela, "haien etxetik kanporatuak izango diren pertsonek beren bizia bermeekin garatu" ahal izateko. Sindikatuak gogorarazi du "haiekin zerikusirik ez duen proiektu" bat eraikitzeko etxegabetu nahi dituztela guztiak; hain justu, etxebizitza-blokea eraitsi eta merkantziak garraiatzeko trenbide bat egiteko.
Etxebizitza-alternatibarik gabe
"Oraindik ere harrituta gaude enpresa pribatu baten intereserako balioko duen trenbide bat eraikitzeko milioika euro daudelako, eta, hala ere, ez dutelako kontsideratu nahi bizilagun guztiei kalitatezko kalte-ordainak eskaintzeko aukera", salatu du sindikatuak: "Aitzitik, Portuak nahiago izan du auzibidera jo".
Bederatzi familia dira Escalerillasetik bota nahi dituztenak. Titulartasuna aitortu ez dieten bizilagunei (astelehenean epaitu zituztenak) ez diete inolako etxebizitza-alternatibarik edo kalte-ordainik proposatu Pasaiako Portutik; eta titulartasuna aitorturik dutenei, gaur egun jendea bizi den etxe batzuetara mugitzea edo kalte-ordain eskas batzuk jasotzea baino ez diete eskaini. Azken bizilagun horiek nagusiak dira adinez, eta, modu guztiz hotzean, haien bizi-itxaropenaren araberako kalte-ordainak kalkulatu eta eskaini dizkiete.