Maiatzaren 24tik 25erako gauean, Ukrainako gerra lehertu zenetik airez egindako erasorik handiena gauzatu zuen Errusiako Federazioak. Guztira, 367 drone eta misil erabili zituen Ukrainako 30 hiri eta eskualde baino gehiagoren aurka, Ukrainako Aire-Armadak jakitera eman duenez. Horietatik 298 Shahed eta UAV-amu motako droneak izan ziren, eta era desberdinetako 69 misil ere jaurti zituen Errusiak.
Ukrainako aireko defentsek 45 misil gelditzea eta 266 drone neutralizatzea lortu zuten, baina hainbatek lortu zuten euren helburuak jotzea. Hala, gutxienez hamabi pertsona hil eta dozenaka zauritu zituzten, eta kalte nabarmenak eragin zituzten etxebizitzetan, dendetan eta azpiegitura elektrikoetan. Antza denez, hildakoen artean zibilak daude Kieven, non, Ukrainako agintarien arabera, lau pertsona hil dituzten, hiru ume barne; eta Jarkov eskualdean ere bai, non bi emakumek galdu duten bizia Kupiansk hirian, eskualdeko agintaritzen eta Ukrainako Barne Ministerioaren datu ofizialen arabera.
Zaporizhia, Sumy, Cherkasy, Donetsk eta Odesan ere kalteak izan ziren. Volodimir Zelenski presidenteak "hiri normalen aurka nahita egindako erasotzat" jo du azken ofentsiba, eta nazioarteko estatuei eskatu die Errusiaren aurkako zigorrak areagotu ditzatela, BBC Mundo-k jaso duenez.
Azken eraso masibo hori Errusiaren erasoaldia areagotzen ari den testuinguru batean gertatu da, eta bat dator gatazkak leher egin zuenetik bi herrialdeen artean izan den preso trukaketa handienarekin. Errusiako Defentsa Ministerioak esan du, gainera, bere aire-defentsa sistemek 95 drone ukrainar bota zituztela gau berean, eta Moskuko aireportuek aldi baterako eten zituztela euren operazioak, droneekin jasandako erasoen ondorioz.