AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
El Sonido de la metralla oholtzan. Argazkia: Gedar
2019/11/26 11:27

Larunbatean, hilak 23, Elkartasun Jaialdia izan zen Azpeitian (Gipuzkoa), Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sarearen eskutik. Jaialdiaren bidez, iragan ekainean martxan jarritako Erresistentzia Kutxa Nazionala "indartzea" izan zuen jomuga Errakik. "Babes forma eraginkorrak martxan jartzeko" abiatu zuten diru bilketa ekainaren 27an; hain zuzen, "erresistentzia ekonomikoa" hornitzeko, eta "presio ekonomikoak eragiten duen egoera itogarriari erantzun sendo eta eraginkorra emateko".

Erresistentzia Kutxa Nazionala, beraz, "gune autogestionatuen aurkako oldarralditik babesteko tresna" modura jarri zuen martxan babes sareak: "Isun zein bestelako kolpe ekonomikoez ito nahi gaituzten honetan, gure jardun politikoa aurrera eramateko hauspoa izan nahi du, inpotentziaren aurrean potentzia". Errakiren esanetan, "garrantzia berezia" du Erresistentzia Kutxak; "izan ere, etengabe erreproduzitzen den problematika da jabetzarena, gure kasuan, jabetza ezarena". Horren aurrean, "burgesiak botere inplizituz kontrolatzen dituen espazioak berreskuratzea" hartu du helburutzat Errakik; "abstraktuki onartzen zaiguna erreal bihurtzea", eta finean, "jabetza berreskuratzea".

"Birjabetze prozesua gauzatzeko", baina, "ezinbestekotzat" jo dute "ezinbestean etorriko den kapitalaren erreakziotik babesteko mekanismo eraginkorrak martxan jartzea". "Erresistentzia ekonomikoak garrantzia berezia hartzen du aspektu horretan", gehitu dute.

Hala, Erresistentzia Kutxa Nazionala indartzen jarraitzeko, hainbat kontzertu izan ziren larunbatean Azpeitian; hain zuzen, 2zio, El Sonido De La Metralla, Alerta Gorria eta DJ Martin Selektah taldeak igo ziran oholtzara. Urriaren 5ean ere Elkartasun Jaialdia izan zen Gasteizko Gaztetxean (Araba). Orduko hartan, Katez, Bassagain, Zoroen kluba eta Puro Bandajo taldeak aritu ziren taula gainean.