AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/16 10:17

Hamasei atxilotu eta, osotara, 69.200 euroko isunak. Indar Gorri Osasunaren zale taldeak modu horretan laburbildu du azken hilabeteetan pairatutako errepresioa. Errepresioari hortzak erakutsi izeneko dinamikaren bidez eman du azkenaldian jasandako askotariko eraso errepresiboen ondorioen berri, eta jakinarazi du hainbat ekimen antolatuko dituela horrekin lotuta. Momentuz, Elkartasun Jaialdi bat izango dela aurreratu du: maiatzaren 13an izango da, Altsasun (Nafarroa), eta egitaraua argitaratu du jada.

Ekimen gehiago ere izango dira Errepresioari hortzak erakutsi dinamikaren harira, eta pixkanaka joango dira hitzorduen eta deialdien berri ematen Indar Gorriren hedabideetatik.

Errepresioa, zelaian nahiz zelaitik kanpo

"Antolakuntza politikoa garesti ordaintzen da, are gehiago elementu faxisten aurkakoa bada; izan kalean, zelaian edo palkoan", salatu du Indar Gorrik, azken hilabeteetako errepresio-kolpe horiei guztiei erreferentzia eginda: "Ikurren debeku arbitrarioak, aldarrikapen politikoak egiteko debekua, karga polizialak... Ez dira gertakari isolatuak; gure jardun politikoa eragozteko eta gurekin bukatzeko saiakerak dira". "Polizia inoizko diru-sarrerarik handienak jasotzen ari da, kontrol soziala bizitzaren arlo guztietara hedatu da, borroka egiten dutenen aurkako zigorra gogortu du zigor kodeak, eta faxismoa inpunitate osoz doa aurrera", jarri dute testuinguruan Indar Gorriko kideek.

"Hori dena isilean jasan izan dugun arren, gaurkoan ez gatoz negar egitera: borrokan tinko jarraitzen dugula argi utzi nahi dugu, historian zehar mota guztietako kolpeak jasan baditugu ere", gaineratu dute: "Gure lagunei esan nahi diegu gugatik ez kezkatzeko, eta, gure etsaiei, gutaz kezkatzen jarraitzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK