AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Navarra.com
2025/06/16 22:58

Azken egunetan, pertsona migranteak seinalatzeko mobilizazio erreakzionario batzuk egin dituzte Martzillan (Nafarroa). Izan ere, adingabeen zentro baten inguruan izandako istiluak aitzakiatzat hartuta, erreakzio arrazista bat ikusi ahal izan da herrian: zentroko gazteak jopuntuan jarri dituzte, jatorri magrebtarreko nerabeak kriminalizatuz, eta zentroaren itxiera eskatzen ari dira protesten bidez.

El Diario de Navarra-k jaso duenez, Nafarroako Gobernuak esan du gaur egun Martzillako zentroan dauden 94 lagunetatik 50 bat lekualdatuko dituztela. Dena den, aipatutako egunkariak galdekatu omen dituen bizilagunen esanetan, hori ez da nahikoa, eta gazteen aurkako neurri errepresibo gehiago eskatzen dituzte: "Bakarrik ateratzen jarraitzen dute, nahi bezala, inork ez die ordenarik jartzen... Irtenbidea ixtea da. Sentitzen dut gazte horiengatik, baina asko dira".

Bere garaian komentua izandako eraikin bat egokitu ondoren, 2019an ireki zuten adin txikiko pertsonentzako zentroa Martzillan.

Faxisten bazkaleku

Beste hamaika tokitan gertatzen ari den modura, talde faxistak esku hartzen ari dira Martzillan, eta egoera probesten ari dira gorroto-mezu arrazistak zabaltzeko eta bizilagunak indarkeriara bultzatzeko. Hain zuzen ere, Voxek eta Núcleo Nacionalek sartu dute muturra oraingoz.

Nafarroako Voxek igandean argitaratu zuen, X sare sozialean, Martzillan izandako manifestazioan parte hartu zuela; "MENEN zentroaren itxieraren alde". Are gehiago: adingabeen zentro guztiak itxi ditzatela eskatu zuen. Bestalde, Núcleo Nacionaleko kide batek ere sare sozial horretan jakinarazi zuen Martzillan egon zirela, ostiralean: "NN Martzillako herria babesten".

Udal-baliabide publikoak ukatu dizkiete gazteei 

Martzillako Udalari (PSN) dagokionez, zerbitzu publikoak erabili ahal izatea debekatu die zentroko gazteei, bertako zuzendaritzaren babesarekin. "Udal-igerilekua bezalako instalazioak erabiltzea galarazi zaie, baita sarrera ordainduta eta gorabeherarik sortu gabe ere. Era berean, ez zaie uzten futbol-zelaira joaten edo udalerrian libreki zirkulatzen, ebazpen judizialik eta oinarri legalik gabe", salatu dute zentroko langileek.

Zentroko langileen idatzia

Egoera ikusita, adierazpen bat kaleratu dute Martzillako zentroan aritzen diren langileek. Euren "kezka sakona" erakutsi dute, "tentsio sozialaren gorakadagatik", "elkarbizitzaren hondatzeagatik" eta zabaltzen ari den "irudi distortsionatuagatik"; "bai [zentroan] hartutako adingabeen inguruan, bai zentroko profesionalok egiten dugun lanaren inguruan".

"Neurrigabetzat" jo dute herrian izan den erreakzioa, azpimarratuz zentroko nerabeak mehatxuak, gorroto-mezuak eta hitzezko erasoak nahiz eraso fisikoak jasaten ari direla. "Zentroan bizi diren adingabeek ez dute talde homogeneo bat osatzen. Askok errespetuz jokatzen dute, ikasten dute, komunitate-jardueretan parte hartzen dute eta integratu nahi dute. Ez da bidezkoa, ezta etikoa ere, gutxi batzuen ekintza indibidualengatik guztiak batera seinalatzea", azaldu dute langileek.

Hori gutxi balitz, jakinarazi dute zentroko profesionalak ere "deskalifikazioak, seinalamendu publikoak eta etsaitasuna" jasaten ari direla Martzillako bizilagun batzuen partetik, eta zaila dela egoera zentroan, askotariko baliabide faltagatik eta gabeziengatik; esaterako, osasun mentaleko arazoak pairatzen dituzten gazteak artatu ahal izateko baliabide eza. Gainera, azken hilabeteetan izan diren "kudeaketa-erabakiak" salatu dituzte langileek, adibidez, zentroko ate guztiak aldez aurreko abisurik gabe itxi izana, "itxialdi-giroa" sortuz bai gazteentzat bai plantillarentzat.

EZ DAGO IRUZKINIK