AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Viken Kantarci/AFP
2025/06/05 10:07

Maiatzaren 31tik ekainaren 1erako gauean, eraso arrazista izugarri bat izan zen Puget-sur-Argensen, Varreko departamentuan: jatorri frantziarreko faxista batek tiroz erail zuen tunisiar bizilagun bat, Hichem Miraoui. Horren ondotik, tiroak entzun izanagatik hurbildu zen beste pertsona bat zauritu zuen tiroz; jatorri kurdua du hark. Erasotzaileak autoan egin zuen ihes, baina atxilotu egin zuten, eta suzko hainbat arma aurkitu zituzten bere autoan.

Christopher B. izena du hiltzaileak, eta 53 urte ditu. Erasoa egin aurretik eta ostean, pertsona migratuen kontrako ideia arrazistak zabaltzeko bideo bana eman zuen argitara Facebook sare sozialean. Honela zioen Miraoui hil aurretik argitaratutako bideoan: "Aski dela esango dugu gaur gauean; aski da, islamista madarikatuei. Frantses madarikatuak, esna zaitezte, izan barrabilak, zoazte haien [pertsona migranteen] bila, dauden lekuan daudela. Gaur gauean ikusiko duzue, [...] gaur gauean dibertitu egingo gara, gaur gauean hil egingo naiz [...]. Urdin-zuri-gorriarekiko leialtasuna da".

"Frantziagatik hilko naiz, [...] nazka-nazka eginda nagoelako. Nazka-nazka eginda nagoelako ezkertiarrekin, nazka-nazka eginda nagoelako sasikume horiek defendatzen dituen jendearekin. Bertan hil nituen nire etxetik gertu zeuden bizpahiru kaka zaharrak; hasteko, ezabatu egin behar zirelako", adierazi zuen, bestalde. Le Monde egunkariaren arabera, egindako erasoa kolpe mediatikoa bilatzeko ekintzatzat jotzen zuen hiltzaileak, eta eskuin muturreko Rassemblement National (RN) alderdiaren aldeko botoa eskatu zuen sareetan.

Bideo horiek kontuan hartuta, eta RFI atariak jasotzen duenez, gertatutakoa ekintza "terrorista" gisa ikertzen ari da Terrorismoaren aurkako Fiskaltza Nazionala (PNAT). Eraso arrazista bat "terrorista" gisa ikertzen ari diren lehenengo aldia da, 2019an fiskaltza hori sortu zenetik.

Beste erailketa arrazista bat apirilean

Aste batzuk lehenago, apirilaren 25ean, beste hilketa arrazista bat izan zen Frantziako Estatuan: La Grand-Comben, Garden, Aboubakar Cissé izeneko gazte maliar bat erail zuen beste faxista batek, labankadaz. Meskita batean eraso zion, eta telefono mugikorrarekin grabatu zuen egindakoa.

EZ DAGO IRUZKINIK