AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Business Insider
2025/04/30 08:47

Apirilaren 28an penintsulako sistema elektrikoaren zati handi bati eragin zion itzalaldiak tentsioak sortzen jarraitzen du Espainiako Gobernuaren, Espainiako Sare Elektrikoaren eta energia-sektoreko konpainia nagusien artean. Pedro Sanchez presidentea Moncloan bildu da Iberdrola, Endesa, EDP, Acciona Energia eta Naturgy konpainietako ordezkariekin, eta, horren ondoren, enpresa-sektore horretako iturriek zalantzak erakutsi dituzte Sare Elektrikoak emandako azalpenen inguruan.

Kolokan jarri dute, bereziki, astelehenean energiaren sorreran bi geldialdi gertatu izana "ia aldi berean", gobernuak aipatu duen modura. Sanchezek esan zuen, hain zuzen ere, sistemak 15 gigawatteko potentzia galdu zuela bost segundoan, Espainiako Estatuko eskariaren %60ren baliokidea.

Iberdrolak, ohar baten bidez, publikoki defendatu du zentral guztiek "sistemaren operadorearen jarraibideen arabera" funtzionatu zutela une horretan. Konpainiak zehaztu du bere instalazio hidraulikoek, ponpaketakoek bereziki, funtsezko zeregina izan zutela estatuan zerbitzua berrezartzeko, eta, energiaren sorkuntza pixkanaka berrabiarazteko orduan, Sare Elektrikoarekin zuzenean koordinatu zela.

Espainiako Batasun Fotovoltaikoa (UNEF) erakundeak ere ukatu egin du eguzki-instalazioak beren borondatez deskonektatu izana, eta adierazi du Sare Elektrikoak erretiratu zituela. Bestalde, Espainiako Gobernuak ukatu egin du energia-enpresekin "liskarra" eduki izana, eta azaldu du ez dela "sorgin ehizarik" egon. Hala, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak gidatutako ikerketa zabalik dagoen bitartean, gobernuak agintariekin elkarlanean aritzeko eskatu die operadore pribatuei, eta ez du baztertu "dagozkion erantzukizun guztiak" eskatzea.

Espainiako Sare Elektrikoak zibereraso bat jasan izanaren hipotesia publikoki errefusatu duen arren, gobernuko presidenteak astearte honetan zehaztu duenez, "ez da hipotesirik baztertzen" momentuz. Iberdrolaren filiala den i-DE banatzaileak jakinarazi zuen astearteko 07:00ak baino lehen berrezarri zuela horniduraren %100 bere sarean, eta ziurtatu zuen "etengabeko komunikazioa izan zuela agintariekin, konektatzeko zailtasunak izan arren".

EZ DAGO IRUZKINIK