AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/10 18:32

Iragan igandean, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, manifestazioa egin zuten Irurtzungo (Nafarroa) kaleetan barrena. Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak eta Irurtzungo Emakume Taldeak egin zuten deialdia, Emakume langileon askapena, guztion ardura izenpean. Manifestazioan antolatzaileek azpimarratu zutenez, "antolakuntzan datza abian jarri behar dugun iraultza prozesua, eta ezinbestekoa dugu emakume langileon askapena lortzeko bideak irekitzeko baldintza errealak jartzea".

Ibilbidearen amaieran irakurritako adierazpenaren bidez, gazte asanbladako eta emakume taldeko kideek azaldu zuten Martxoaren 8ak "baduela izaera historiko bat, garrantzia berezia duena"; "urteko gainontzeko egun guztien gisako borroka eguna bada ere". Hala, lehenengo Emakume Langilearen Nazioarteko Egunetik ehun urte baino gehiago igaro diren arren, gorriz markatutako egun hori sorrarazi zutenek "hasiera batetik helburu zuten mundu mailako iraultzaren beharrak bizirik dirauela" nabarmendu zuten Irurtzunen.

Egunerokoan

Era berean, zera adierazi zuten antolatzaileek: "Guztiok gara ezinbestekoak, guztiok gara sistema kapitalista honen funtzionamenduaren parte. Geure buruak sistema honek inposatzen dizkigun harremanak eta eginbeharrak behin eta berriz errepikatzera behartuak ikusten ditugu". Bestalde, gogora ekarri zuten emakume langileak egunerokotasunean jasaten duela genero zapalkuntza.

Antolakuntza

Hortaz, emakume langileen askapenerako bidean, aukera bakarra "antolakuntza eta borroka" direla esan zuten, aipatutako askapena "sistema kapitalista honek zapaltzen, jipoitzen, mespretxatzen eta katez lotzen gaituen bitartean" posible ez dela gaineratuz.

Norabide horretan emandako erantzunak "bateratua" behar duela izan adierazi zuten, "arazoa langileria osoarena eta ez soilik emakume langileona" dela eta askapen prozesuan "proposamen zehatzetatik abiatu eta prozesu orokorra garatzea" "guztion ardura" dela iritzita.

Antolatzeko beharrari azpimarra jarrita, epe laburrean elkartasun eta autodefentsa sareak errotzeko, askotariko erasoei erantzuteko tresna errealak martxan jartzeko eta programa zehatzak garatzeko premia mahaigaineratu zuten, "hitz soiletan" geratzetik urrun.