AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/08 15:33

Gaur, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, "emakume langileok subjektu politiko bilakatzeko aukerak sortzen jarraitzera" dei egin du Itaia Emakume Sozialisten Sareak. "Eguneroko lanaren banaketa eraginkor bat egiteko eta emakume langileok bertan antolatzera bultzatzeko" beharrari jarri diote azpimarra; hala, "emakume langileok egunerokotasunean jasaten ditugun zapalkuntzei eta arazoei erantzungo dieten antolakuntza tresnak" martxan jarri ahal izateko.

Martxoaren 8aren harira egindako adierazpenetan, Itaiako kideek nabarmendu dute "ezinbestekoa" dela aipatutako "antolakuntza tresna eta praktika politikoen bitartez emakume langileon heziketa politikoa garatzea", helburu nagusi batekin: "klase kontzientzia areagotzea".

Izan ere, "emakume langileon zapalkuntzarekin bukatzeko aukera bakarra klase antolakunde batek soilik eskaini dezakeela" ebatzi du Itaiak, eta "bide horretan", "emakumeon lan ildoa egungo botere modalitatearen aurkakotasunean antolatzeak" duen garrantzia nabarmendu dute.

LANKETA AURREKO EGUNETAN

Antolakuntzan datza iraultza izenpean, Itaiako kideek hainbat hitzaldi eman dituzte azken egunotan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan zein campusetan, nagusiki. Gaurkoan adierazi duten modura, "emakume langilea subjektu politiko bilakatzeko aukerak sortzen
jarraitzearen beharra" izan dute ardatz saio horiek.

"Emakume langileon egoera formaz aldatu bada ere, azpiratutako subjektu izaten jarraitzen dugu" egun, esan zuten Itaiako kideek Antolakuntzan datza iraultza dinamika aurkeztean. Martxoaren 8a "egungo borrokak indartzeko baliatu beharreko eguna" dela azaldu zuten; "egunerokotasuneko antolakuntzaren osagarri gisara soilik emango baititu bere fruituak". Gaur, egun hau "estrategia bera indartzen duten borroka taktikoei bultzada emateko baliatzera" dei egin du Itaiak.