AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/22 08:58

Donostiako (Gipuzkoa) Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak azaldu du etxegabetua izateko arriskuan dagoela emakume bat Gipuzkoako hiriburuan. Eusko Jaurlaritzaren alokairu sozialeko etxebizitza batean bizi da gaur egun, baina ez dauka "alokairua ordaintzeko baldintzarik". Une honetan, beraz, "epaitegien eta Donostiako gizarte zerbitzuen menpe dago berak eta bere semeak egoera larri horri aurre egiteko berehalako aterabide bat izateko aukera", Itaiako kideen esanetan. Emakumeak indarkeria matxista jasan zuela ere seinalatu dute.

Instituzio publikoetako politiken mugak

Itaiak salatu du "instituzioek indarkeria matxistari aurre egiteko eskaintzen dituzten zerbitzu eta baliabideek" berriz "erakutsi" dutela "forma horren kudeaketaz haratago joateko ezintasuna". Donostiako Udalaren gizarte zerbitzuei dagokienez, esaterako, gaur egun sei etxebizitza baino ez daude martxan indarkeria matxista jasan duten emakumeentzat. "Datu esanguratsua da 190.000 biztanle inguruko hiri batean", dio Itaiak.

Udalak, hala, "Gipuzkoako Foru Aldundiaren tresnak edota alokairu soziala erabiltzen" ditu "osagarri modura". Itaiako kideek ohartarazi dute "krisi testuinguruan" are "nabarmenagoak" direla lehendik ere goraino zeuden "babes sozialerako tresna horien mugak".

Gipuzkoako Foru Aldundiak, zehazki, indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako 45 plaza eskaintzen ditu epe motzeko nahiz ertaineko zentro eta pisu autonomoetan. 2020. urte bukaeran jasotako datuen arabera, Gipuzkoan 244 emakume zeuden alokairu sozialeko etxebizitza batean plaza bat lortzeko zain; Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da aukera hori.

Deia

Itaiak ohartarazi du instituzio publikoek ez daukatela "indarkeria matxista deuseztatzeko programa politiko erreal bat", eta haien "itxurakeria" salatu du. "Indarkeria matxistaren eta emakume langileon aurkako zapalkuntzaren aurrean, antolakuntza komunistaren bidez borrokara batzea da bide bakarra", aldarrikatu du.

Ostiral honetan izango da Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, azaroaren 25a. Itaiak mobilizazioak antolatu ditu Euskal Herriko 29 herritan.

EZ DAGO IRUZKINIK