Emakume adingabe bat sexualki esplotatzeagatik, gehienez 20 hilabeteko zigorra ezarri diote 22 urteko gizon bati Baionan

2019ko urtarriletik 2020ko abuztura arte behartu zuen emakumea sexu-zerbitzuak eskaintzera. 15 urte zituen orduan, eta esplotatzailearekin diru truke sexu-harremanak izan ostean, gero, beste gizonezko batzuekin berdina egitera behartu zuen hark. Gehienez 20 hilabeteko kartzela zigorra eman dio Baionako Auzitegiak.
Argazki Nagusia
2021eko martxoaren 9a

Sare sozial baten bidez ezagutu zuten elkar emakumeak eta esplotatzaileak, 2018ko apirilean. 2018ko irailetik 2019ko urtarrilera arte, gizonezkoak ordaindu egiten zion emakumeari sexu-harremanak izatearen truke. Hortik aurrera, ordea, beste gizonezko batzuekin ere gisa horretako hitzorduak jarri zizkion emakumeari, gehienetan, Baionako (Lapurdi) edo Lehuntzeko (Lapurdi) hoteletan. 15 urte zituen emakumeak orduan.

Interneteko web-orrialdeetan profilak sortu zizkion gizonezkoak, bezeroak izango zirenekin harremanetan jartzeko. Proxenetak Baionako Auzitegiaren aurrean adierazi duenez, "bakoitzak bere intereserako zerbait aurkitzen zuen horrela".

Auzian froga gisa erabili diren hainbat mezuk frogatzen dutenez, esplotatzaileak esan zion, hark nahieran aritu ezean, hoteletako logelen errenta guztiak emakumeak ordaindu beharko zituela. Ezezkoa eman zuen orduan emakumeak, eta sareetan blokeatuko zuela azaldu zion gizonezkoari. Hark, ordea, halaxe ihardetsi zion mezuetan: "Blokeatzen banauzu, eroriko zara".

Esplotatzaileak haren adina baliatu du aitzakia gisa, honakoa nabarmendu baitzuen auzitegiaren aurrean: "Garaian soilik 20 urte nituen, pentsatzen nuen ez zela berdina izango 40 urte izango banitu".