AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/30 12:19

2007an atxilotu zuten Garikoitz Etxeberria, eta ordutik Espainiako Estatuko hainbat espetxetan izan dute preso. 2022ko apirilean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) utzi zuela jakinarazi zuen lizartzarrak, kolektiboarekin dituen desadostasun politikoak zirela-eta. 2021ean, Sevilla II-tik Dueñasko (Palentzia) presondegira lekualdatu zuten, eta, handik, Zaballara (Araba) hurbildu zuten aurtengo apirilean. Gose grebari ekin zion berehala, beste preso politiko batzuk ere borrokara batu ziren eta irabazi egin zuten.


Duela gutxi egin duzu gose greba bat, ziega bikoizteari uko egiteagatik zigortu zintuztelako. Zerk bultzatu zintuen borrokarako hautu hori egitera? Nola bizi izan dituzu egun horiek?

Zaballako gartzelara iritsi eta, moduluan sartu orduko, ziegan bikoiztea inposatu nahi izan zidaten. Uko egin nion horri, eskubidetzat baitut ziegan bakarrik edo binaka bizitzea, presoaren hautuz, espetxeak bata edo bestea inposatu gabe. Presook intimitaterako eskubidea izan dezagun ia eremu bakarra da ziega, eta bertan bakarrik bizitzea beharrezkoa da askorentzat; bereziki, urte luzetako espetxe-zigorra daukagunontzat.

Inposaketa horren aurrean ez makurtzeagatik zigortu ninduten. Bakartze-egoeran jarri ninduten, horretarako darabilten "sarrerako" moduluan. Zigorra ohiz kanpo luzatzeak kezkatu ninduen. Aldi berean, ondorioztatu nuen espetxe-sisteman parte hartzen ez duen eta ordura arte ziegan bakarrik bizitzeko eskubidea onartu zitzaion kidegoarekiko mehatxu bat ere bazela nire aurkako erasoa, eta eskubide horren bermea borrokatzeko unea zela.

"Ondorioztatu nuen espetxe-sisteman parte hartzen ez duen [...] kidegoarekiko mehatxu bat ere bazela nire aurkako erasoa, eta eskubide horren bermea borrokatzeko unea zela"

Barau egunetan, borrokan buru-bihotz sartuta iraun nuen. Egoeraren eta bilakaeraren ertz guztiak xehe aztertzen, ahalik eta aterabiderik egokiena bilatzeko lanean aritu nintzen etengabe; kideekin hausnarketa oro partekatu nuen, eskura genituen modu apur eta baldintzatuez baliatuz.

Seigarren barau egunean nire borrokaldiarekin bat egin zuten bederatzi kidek. Euskal Herrian zehar ere hasiera-hasieratik adierazi zitzaigun elkartasuna. Bi aldagai horiek gako izan ziren erasoaldia gainditzeko. Niri hauspoa eman zidan, kemena eta indarra, borrokan tinko jarraitzeko. Guztiei esker ona adierazi nahi diet hemendik.

Zein irakurketa egiten duzu zure borrokaldiak izan duen babesaren inguruan? Zentzu horretan, duela urte batzuk espetxeetan eta kalean zegoen egoerarekin alderatuta, nola ikusten duzu preso politikoen eskubide kolektiboen alde borroka egiteko eta amnistia aldarrikatzeko egun dagoen indarra?

Kaletik jaso dugun elkartasuna aparta izan da. Hausturan aurkitzen den herri mugimendua sakabanatu xamar eta eratze-prozesuan mugilduta dagoela jakitun gara, baina denek hartu dute beren gain nire bakartze-egoera salatzeko eta gure borrokaldiari elkartasuna adierazteko ardura. Doakie nire esker on eta aitortza politikoa guztiei.

"Iraganarekiko, barruan bezalaxe kanpoan, aldaketa nabarmena izan da; bietan zentzu berean"

Iraganarekiko, barruan bezalaxe kanpoan, aldaketa nabarmena izan da; bietan zentzu berean, erreformismoaren eraginpean. Hausturan mantentzen garenok, aurreko borroka fasearen errautsetatik berpiztu eta birkokatze lanetan ari garela esan genezake; erritmo, argipen eta ahalmen maila oso desberdinetan denok ere. Agerikoa da iraganean askoz ere indartsuagoa zela euskal preso politikoen eskubide kolektiboak borrokatzeko eta amnistiaren aldarriarekiko zegoen ekina, baina egungoak politikoki sekulako balioa du, baldintzak zein zailak diren kontuan hartzen badugu. Harian-harian, ziur nago indartzen joango dela.

Zer deritzozu "dispertsioaren amaieraren" inguruan?

Hasteko, dispertsioa mantentzen dela adierazi nahi dut, Frantziako Estatuan kide askok jarraitzen baitute gatibu oraindik. Argi dago Euskal Herrian gaituztenon senideentzako nahiz lagunentzako bidaiak askoz ere laburragoak direla orain, eta ondorioak apalagoak. Ordea, ezin dugu ahaztu Euskal Herriratze horiek erreformismoaren sakontze fase baten eraginpean gertatu direla, non barruan zein kanpoan dena, oro har, zerbaiten truke gauzatu den. Horren adierazle da espetxe-sisteman parte hartzearen garapena, baita zenbait astetan gauza zitekeen Espainiako Estatuko bahituon Euskal Herriratzea hainbat urtez luzatu izana; onespen isil batekin, gainera.

"Ezin dugu ahaztu Euskal Herriratze horiek erreformismoaren sakontze fase baten eraginpean gertatu direla, non barruan zein kanpoan dena, oro har, zerbaiten truke gauzatu den"

Kartzelak husteko garaia dela entzun dugu askotan. Alderdi parlamentario guztiak, sozialdemokrazia barne, baina, errepresio-aparatua indartzen eta militantzia politikoaren aurkako errepresioa areagotzen ari dira: Zigor Kodearen gogortzea, poliziaren aurrekontuen igoera, Mozal Legea-k indarrean jarraitzea, espetxe-eskumenen eskualdatzea...

Kontraesan galanta, ezta? "Kartzelak hustea" espetxe-sisteman parte hartzean oinarritzen dute erabat, makurtze- eta zigortze-eskemaren pean, iraganeko askapen borrokarekiko errefusan eta orainaren despolitizazioan murgilduz bete-betean.

"Kartzelak hustea espetxe-sisteman parte hartzean oinarritzen dute erabat, makurtze- eta zigortze-eskemaren pean"

Erreformismoaren ildoan guztiz uztartzen dira kartzela barrukoa eta kanpokoa, bestela saldu nahi badigute ere. Kapitalismoaren garapenean langilegoaren zapalkuntzan sakontzeko gako diren errepresioaren areagotze-mugimendu horiek zuzenean nahiz zeharka babestu ditu burgesiaren morroi gisa diharduen euskal sozialdemokraziak. Finean, saltzen digutena saldu arren, funtzio argi bat betetzen dute burgesiaren alderdiek; sozialdemokraziaren kasuan, burgesiaren erasoak eta inposaketa goxatzen dituzte, langilegoaren haserrea baretzen dute eta mobilizazioak ahal bezainbeste moteltzen dituzte. Horren adibide garbia da Etxebizitza Legearen azken erreforma.

Zein dira militantzia eta preso politikoen eskubideak nahiz horien zilegitasuna babesteko erronka nagusiak?

Bateko, antolakuntza eta borroka bizitzen ari garen egoerara egokitzea, sarri jardunak bermatzen baititu eskubideak nahiz zilegitasuna. Besteko, kontzientziazioan sakontzea, azken urteotan despolitizazioak desitxuratu baitu zilegitasunarekiko askoren ulerkera. 

"Azken urteotan despolitizazioak desitxuratu du zilegitasunarekiko askoren ulerkera"

Zer esango zenioke errepresioaren aurpegirik gordinena ezagutu ez duen baina borrokarako irmotasuna adierazi duen belaunaldi berriari?

Formakuntzan sakontzeko, errepresioaren historian zehar izan diren nondik norakoak ongi ulertzeko. Eta aurreko belaunaldietakoon bidez ere jasotzeko iraganeko eta oraingo errepresioaren berri.

Esango nieke errepresio-aparatua uneoro ari dela lanean, agerian bainoago ezkutuan, eta azti egoteko beti, errepresiorik gordinena ez delako desagertu. Hortxe dago burgesiak beharko duen unerako, ekiteko prest. Eta, batez ere, esango nieke une oro zuhurtasunez jarduteko militantzian.

"Errepresiorik gordinena ez da desagertu, hortxe baitago burgesiak beharko duen unerako, ekiteko prest"

EZ DAGO IRUZKINIK