Joan den larunbatean, ekainaren 14an, ehunka emakume elkartu ziren Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistan, aurtengo Emakume Langileon Topaketan. Oraingoan ere egun osoko egitarau bat antolatu zuen Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, eta hitzaldiak izan ziren nagusi: oldarraldi erreakzionarioaren aurka egiteko bide-orri politikoa landu zuten saioetan, baita horretarako antolatzeko moduaren inguruan eztabaidatu ere.
Bi hitzaldi nagusi izan ziren goizean zehar. Lehenengoan, hain justu, olatu erreakzionarioaz jardun zuten batez ere, oldarraldi hori definitzeko elementu politikoak eta ekonomikoak zehaztuz. "Krisi-testuinguruan gizartearen berrantolaketa ekonomikoa gauzatzen ari dira, eta emakume langileongan eragin zehatzak ditu horrek", azaldu dute Itaiako kideek: "Horren barruan ulertzen dugu oldarraldi erreakzionarioa eta, beraz, horren ondorio gisa kokatzen ditugu matxismoaren eta ideia erreakzionarioen areagotzea eta normalizatzea".
Bigarren hitzaldian, berriz, horren guztiaren aurrean egin beharreko lanaz aritu ziren. Matxismoari eta faxismoari kontra egiteko, "emakume-fronteak eduki beharreko izaeraz eta funtzio zehatzez" egin zuten gogoeta; eta, zehazki, Itaiaren funtzioen eta erronken inguruan hausnartu zuten.
Hiru helburu nagusi azpimarratu zituzten: batetik, "antolakundearen oinarri militantea zabaltzea eta areagotzea"; bestetik, "emakume sektore zabalagoetara heltzea" eta, "matxismoaren eta emakumeon bizi-baldintza ekonomikoen eta sozialen okertzearen baitan, gero eta emakume-sektore gehiagok sozialismoaren printzipio politikoekin bat egitea"; eta, azkenik, "aliantzak egitea". Izan ere, beharrezkotzat jo zuten, "aipatutako testuinguru politikoan, eragileekin eta norbanakoekin elkarlana ehuntzea" eta "langile-klasearen interesak defendatuko dituen elkarlana garatzea eta indartzea".