AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/31 09:31

Espainiako Estatuko instituzioetako politikagintzan profesionalki parte hartzea pagotxa da hainbat alderdirentzat, baita "independentista" gisa aurkezten diren horientzat ere. EH Bilduren eta Sorturen artean, adibidez, Estatuaren diru-kutxatik 13.892.592 euro poltsikoratu zituzten 2021ean. Halaxe diote koalizioaren eta alderdiaren webguneetan eskuragai dauden urteko balantze ekonomiko milioidunek. Konparaketa modura, hilean 1.200 euro hamalau ordainsaritan irabazten dituen pertsona batek, 800 urte baino gehiago lanean eta ezertxo ere gastatu gabe egon beharko luke diru kopuru bera jasotzeko. Aipatutako alderdiek urtebetean jasotzen dute.

Funts horiek jatorri publikoko diru-laguntzen bidez jaso ditzakete, zuzenean; edo, bestela, administrazioak kargu publikoei ordaintzen dizkien soldaten zati batzuk desbideratuz ere finantzatzen dira, zeharka. EH Bildu hauteskundeetara aurkezten denez, bi modutara lortzen du dirua. Sortuk, aldiz, ez du apenas zuzeneko finantzazio publikorik jasotzen. Hauteskunde-koalizioaren baitan dituen kargudun publikoei esker lortzen ditu funts publikoak; eta ez txikiak gainera. Modu horretan, 2021ean, 3.883.950 euro eskuratu zituela aitortzen du alderdiak bere kontu publikoetan.

Hauteskunde-koalizio subiranistaren kasuan, funtzionamendu gastuetako diru-laguntzetan bakarrik, 1.954.574,31 euro jaso zituen Espainiako Estatuaren erakunde publikoetatik. 4.968.700,29 euroko ekarpenak ere izan ziren erakunde taldeen partetik, horiek ere jatorri publikokoak. Beste 49.731 euro, berriz, "segurtasunerako gastuetarako" jaso omen zituzten. Euren kargudun publikoen soldatetatik desbideratutako ekarpen ekonomikoa gehitu behar zaio horri guztiari, 3.035.636,38 eurokoa izan zena. Kopuru horiek batuta, 14 milioi eurora hurbiltzen diren diru-sarrera publikoekin itxi zuten urtea.

62 milioi euro zazpi urtean

Zifra horiek ez dira ezohikoak, inondik inora. Hauteskunde koalizioak zein alderdiak antzeko zifrak ala altuagoak jaso ditzakete urtero. Guztira, 2014tik 2021era arteko kontuei erreparatuta, bien artean kutxa publikoetatik gutxienez 62.470.593,6 euro jaso zituztela zenba daiteke; 1.200 euro irabazten dituen langile baten bizitzako 3.718 urte lanean eta deus gastatu gabe.

Sortuk 20.273.688,7 euro jaso zituen epe horretan, urtean 2.534.211,09 euro batez beste. EH Bilduren kasuan, are altuagoa da 2015ean hasten den serieak utzitako emaitza: 42.196.904,9 euro guztira, urtean 6 milioi eurotik gorako batez bestekoarekin. Aipatutako zifrei EH Bilduk hauteskunde sasoian jasotzen dituen hauteskunde-emaitzengatiko aparteko diru-laguntzak gehitu behar zaizkie, milioi bat euro pasatxokoak izan daitezkeenak.

Liberatu armada

Urrezko arrautzen oiloak arrautzak erruten dituen heinean, EH Bilduk eta Sortuk ehunka lagun nominapean mantentzeko ahalmen ekonomikoa dute. Hauteskunde koalizioak, 2021ean, 1.523.010,03 euro xahutu zituen liberatuen soldatetan, eta alderdiak beste 1.777.312,70 euro. Bistan denez, Estatuaren finantzazio mota ugariak jaso ezean, ezingo lukete euren jardun politikoa sustengatu. Datuek hala berresten dute: 2021eko kontuen arabera, EH Bilduren diru-sarrera guztien %97 baino gehiago jatorri publikokoa zen. Sorturen kasuan, bere diru-sarreren %86 zetorkion Estatutik.

EZ DAGO IRUZKINIK