AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Putzuzulo, hondakin artean atzeko zatia bota eta gero.
2020/10/19 23:08

"Promotoreek Putzuzulo urte honen amaieran eraitsi nahi dutela jakinarazi zigun alkateak, eta baimena sinatuta dagoela gogorarazi. Promotoreen esku gaudela, alegia". Zarauzko Putzuzuloko kideek halaxe azaldu dute gaztetxearen egungo egoera. Adierazpena argitaratu dute gaur, eta urte luzez "desalojoaren mamua" gainean izan ostean, "oraingoan bai", gaztetxea "edozein unetan" hustu eta bota dezaketela ohartarazi dute.

Zarauzko Salberdin eremuan dago Putzuzulo, baina han etxebizitzak eraikitzeko plana martxan da aspalditik. Hortaz, Amets Fabrikak zutik egin dituen 15 urte luze hauetan etengabea izan da desalojo arriskua: "Beti kezkatu izan gaitu etorkizunak, eta arrisku horri aurre egiten saiatu izan gara urte hauetan guztietan".

"2019ko udaberrian, Salberdingo lanak egunetik egunera azkartzen hasi ziren", diote gaztetxeko kideek. Gaztetxiakin ZE?! kanpaina jarri zuten martxan orduan, "gaztetxearen etorkizun ziurgabea mahaigaineratzeko" beste behin.

ERAISTE BAIMENA SINATUTA

Zarauzko alkateak 2019ko uztailean sinatu zuen Textil Guipuzcoana izandako eraikina (egun Putzuzulo dena) botatzeko baimena. "Gaztetxearen atzeko zatia bota zuten orduan, Putzuzulo obra-hondakin artean utziz", azaldu dute.

"Gaztetxearen etorkizuna ziurtatzeko borroka luzeari berriro tiraka", Putzuzuloko kideek elkarrizketak berrartu zituzten udalarekin, "helburu argi batekin: uneoro gaztetxe bat bermatuta izatea Zarautzen". Hasieran Putzuzuloren eraisketa 2022ko udaberrirako iragarri bazuen ere, irailean jakinarazi zien gaztetxeko kideei promotoreek urte honen amaierarako bota nahi dutela gaztetxea, eta baimena sinatuta dagoenez, haien esku dago erabakia. "Edozein unetan bota dezakete, beraz, Putzuzulo Amets Fabrika".

Gaztetxeko kideek gogorarazi dute oraindik ez dutela "beste espaziorik ziurtatuta", alkatearekin izandako elkarrizketetan hainbat aukera mahai gainean jarri diren arren, ez baita aterabide zehatzik gauzatu oraingoz.

HAUTU BAT

"Ez dugu onartuko, gu guztion jarduna aurrera eramaten segitzeko beste espazio bat bermatuta izan gabe, Putzuzulo eraistea. Ozen diogu: ez gara Putzuzulotik joango beste gune bat ziurtatuta izan arte", argitu dute gaztetxeko kideek.

Gogoan izan dute orain arteko ibilbidea: "Duela 15 urte, Estazio Zaharreko eta Manuelako proiektuei jarraituz, okupazioaren bideari heldu zitzaion Zarautzen beste gaztetxe bat lortzeko: hainbat eta hainbat gaztek Textil Guipuzcoana izandako fabrika okupatu eta Putzuzulo Amets Fabrika bilakatu zuten". Gaur egun, azaldu dute gaztetxea "ezinbesteko aterpe eta etxea dela hainbat eta hainbat proiektu eta eragilerentzat", eta "egin beharreko guztia egingo" dutela "hori guztia ahalbidetzen" dien "espazio bat izaten jarraitzeko".

ELKARTASUN KEINUA

Bestalde, Putzuzulok "babes osoa" adierazi die "desalojo arriskuan dauden gaztetxe eta gune okupatu guztiei", hala nola, Bilboko (Bizkaia) Etxarri gaztetxeari, Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxeari eta Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotelari.
EZ DAGO IRUZKINIK