AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Noaua
2022/11/22 09:49

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM) azaldu duenez, frogatuta geratu da pozoiak isurtzen dituela Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiak: inguruak dioxina, PFAS, metal astun eta bestelako gai toxikoz kutsatzen ari dira erraustegitik. Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak hainbat azterketa egin ditu urte desberdinetan hartutako laginekin; besteak beste, erraustegi inguruetako ur, lur, goroldio, arrautza zein lohiak aztertu ditu. Horretaz gain, baina, txosten bana idatzi dute IDOM eta SGS konpainiek, GHK partzuergoak Eusko Jaurlaritzari urtero aurkeztu beharreko Ingurumen Zaintzako Programaren barruan; erraustegiaren jabea da GHK, nahiz eta Ekondakin enpresak kudeatzen duen.

ToxicoWatch fundazioaren ikerketek hiru garai desberdinetako laginak hartu dituzte kontuan: erraustegia martxan jarri aurretik bildu zituzten hainbat lagin, 2020an beste hainbat eta, azkenik, 2021ean. Hirugarren azterketa horretako emaitzak eman ditu argitara orain EAMek, eta zenbait ideia azpimarratu ditu. Dioxina maila altuak atzeman dituzte Zubieta inguruetan jasotako goroldioetan nahiz oilategietako arrautzetan, eta PFAS (konposatu per- eta polifluoratuak) kopuru altuak topatu dituzte arrautza, lohi eta goroldioetan.

Madrilgo, Lituaniako eta Txekiako hiru erraustegiren eragina ere ari da ikertzen ToxicoWatch. Horiek ezagututa, ondorio bat eman du aditzera fundazioak: badirudi azkar ari direla kutsatzen Zubieta inguruak, Madrilgo erraustegiaren inguruak baino azkarrago, dirudienez.

GHK partzuergoak (derrigortuta) agindu dituen txostenek ere zenbait datu kezkagarri utzi dituzte. IDOMek egindako txostenean, esaterako, ondorioztatzen da TPH hidrokarburo eta fenol maila altuak dituela erraustegi ondoko lurzoruak; Espainiako Estatuan baimentzen diren kopuruak gainditzen ditu. Lurpeko uretan ere atzeman dituzte gai toxikoak IDOMek nahiz SGSk; dioxina eta furanozko kutsatzea topatu zuen, zehazki, SGSk.

Horri lotuta, Zubieta inguruetan dagoen Arkaitzerrekari dagokionez, sarri erakutsi izan du kezka EAMek. 2020an, erreka horretan hilda agertu ziren arrainak eta aingirak. Badirudi, gainera, gutxienez bi sute izan direla erraustegian hondakinak pilatzeko biltegietan, eta filtrazioak daudela horietan.

EZ DAGO IRUZKINIK