AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/09/23 12:28

2020. eta 2021. urteen artean %10 igo zen depresioaren aurkako sendagaien salmenta Espainiako Estatuan, eta %7 antipsikotikoena. Sendagaien Behatokiak argitaratu berri duen txosten baten arabera, Espainiako Estatuan osasun mentaleko arazo larriak dituzten biztanleak %2,9 dira une honetan; ia 1,5 milioi lagun.

Errezeta bidez urtero ematen den medikamentu kopuruan oinarrituta ateratako estimazio bat da aurrekoa. Farmako talde bakoitzaren kopuruak urteko hamabi hilabeteen balioarekin zatituta, medikamentuok hilero erosten dituzten pertsona kopuruaren hurbilketa bat lor daiteke. Zenbatekoa ez da zehatza, pertsona berak bi kutxa eros baititzake denbora-tarte berean sendagai berari edo desberdinei dagokienez. Hala eta guztiz ere, behatokiak adierazi duenez, "nerbio-sistema zentrala tratatzeko botiken guztizko kontsumoa azkar hazten ari da".

Psikiatria arloko adituen ustez, antidepresiboen kontsumoaren %10eko hazkundea "oso handia" da. Psikiatriaren eta Osasun Mentalaren Espainiako Elkarteko (SEPSM) idazkariak hainbat arrazoi aipatu ditu; hala nola, "eguneroko bizitzako arazoen medikalizazioa", "buruko nahasmenduen mugak zabaltzea", edota "esku-hartze ez-farmakologikoak egiteko aukera falta".

164 milioi errezeta baino gehiago

Orotara, Espainiako Estatuan nerbio-sistema zentralaren tratamendurako botiken 164 milioi errezeta banatu ziren 2021ean. Izatez, antipsikotikoak, hipnotikoak, orekatzaileak eta lasaigarriak gero eta gehiago kontsumitzen direla ziurtatu du Sendagaien Behatokiak. Alkoholarekiko mendekotasunaren aurkako produktuen kontsumoa ere %7 igo da.

Batez beste, 1,3 milioi pertsonari antipsikotikoen bidez ematen zaie tratamendua Espainiako Estatuan; hau da, "eskizofrenia", "eldarnio, bipolaritate zein eskizoafektibotasunari lotutako nahasmenduei" aurre egiteko, edota drogek eragindako "psikosi" kasuak tratatzeko. Pilula multzo horren kontsumoak %7ko hazkundea izan du, aurreko urtearekin alderatuta. Bestalde, kontsumoaren igoera 2020ko COVID-19aren izurriteari egotzi izan bazaio ere, osasun-larrialdia apaldu ostean ere joera mantentzen dela aipatu dute adituek.

Depresioa nagusi

Txostenak "depresioaren gorakada" azpimarratzen du bereziki, The Lancet aldizkari zientifikoak 2021. urte amaieran adierazi zuen bezalaxe: ikerketa global batek agerian utzi zuen 2020an 129 milioi lagunek antsietatea eta depresioa jasan zituztela mundu osoan.

Hori bai, depresioaren aurkako botiken gorakada ez zaio horri bakarrik zor, bestelako nahasmenduei aurre egiteko ere erabiltzen baita; adibidez, "antsietate orokorrarentzat", "larritasunarentzat" edota "bulimiarentzat". Izatez, fenomeno horiek ere hazi egin dira azken urteotan.

Eurostat-en datuen arabera, 30 milioi lagunek depresio kronikoa jasaten dute Europar Batasunean, gizonezkoen %8,7k eta emakumezkoen %5,5ek. Bereziki deigarria da Portugalgo kasua; izan ere, emakumeen %16,4k depresio kronikoa pairatzen du bertan, seitik batek. Espainiako Estatuari begira, 65 urtetik gorako zazpi emakumetik batek jasaten du nahasmendu hori; %14k, alegia.

Baliabide faltatik harago

"Osasun-profesional batengana jo beharrean, gure garunean esku har dezaketen botikak erabili dira, baina azkenean ez dute arazoa konpontzen", nabarmendu dute adituek. Zentzu horretan, lehen arretaren kolapsoarekin lotura izan dezakeela susmatzen dute. Gainera, kontuan izan behar da Espainiako Estatuan sei psikologo baino ez daudela 100.000 biztanleko, Europar Batasuneko batez bestekoa hemezortzikoa den bitartean. Psikiatria arloan, berriz, 11 aditu daude 100.000 biztanleko. Frantziako Estatuan, Norvegian eta Alemanian bi aldiz gehiago dira, eta Suitzan ia bost bider gainditzen dute Espainiako Estatuko indizea adar horretan. Osasun-arloko gastu publiko osoaren baitan osasun mentaleko inbertsioaren ehunekoari erreparatuz gero, aipatzekoa da Espainiako Estatuaren aurrekontua Europar Batasuneko batez bestekoa baino %1 baxuagoa dela.

Hori horrela izanda ere, ezin daiteke ondorioztatu osasun mentalera baliabide gehiago bideratzearen eta osasun mentalaren hobekuntza orokorraren artean korrelazio zuzenik dagoenik; hau da, psikologia zein psikiatria publikora diru-partida zein profesional gehiago bideratzeak bere horretan arazo psikikoak apaltzea dakarrenik. Alderantziz, osasun mentalera Espainiako Estatuak baino baliabide publiko gehiago bideratzen dituzten herrialde europar gehienen suizidio tasa Espainiako Estatukoa baino altuagoa da.

Alemania (%11), Suedia (%10), Erresuma Batua (%10), Holanda (%10), Frantziako Estatua (%10), Malta (%10), Irlanda (%6), Eslovenia (%6), EB (%6), Danimarka (%5), Letonia (%5), Portugal (%5), Hungaria (%5) eta Polonia (%5) gailentzen zaizkio Madrili osasun mentaleko inbertsioan. Hala ere, gune geografiko horietako suizidio tasa altuagoa izaten da Espainiako Estatukoa baino.

EZ DAGO IRUZKINIK