Burlatako Gazte Asanbladak manifestaziora deitu du larunbaterako, askatasun politikoen defentsan

Asteburuan eman behar zioten amaiera Burlatako Gaztetxearen hirugarren urteurrenari, baina udalak galarazi egin diela salatu du Burlatako Gazte Asanbladak; ekimenak debekatu eta gaztetxerako sarbidea hesitu zuten. Poliziaren presentzia ere salatu zuten asanbladako kideek joan den larunbatean.
Argazki Nagusia
2021eko ekainaren 14a

Hirugarren urteurrenari lotutako egitaraua amaitzear zela egin diote eraso berriz Burlatako Gaztetxeari (Burlata, Nafarroa); izan ere, iragan larunbatean egitekoak ziren musika emanaldiak debekatu zituen Burlatako Udalak. Osasun-neurrien aitzakiapean galarazi du gaztetxea erabiltzea udalak, eta Burlatako Gazte Asanbladak aurreko ostiralean jakinarazi zuen ingurua hesitu zutela polizia-indarrek. Larunbatean, gainera, "gaztetxea eta kaleak kolore guztietako indar errepresiboz beteta" zeudela salatu zuen asanbladak. Foruzaingoa goizetik bertaratu zen gaztetxe ingurura, baita arratsaldean ere.

"Eraso horiek ez daukate zerikusirik pandemiaren harira hartutako osasun-irizpideekin; kontrara, proletalgoaren askatasun politikoen aurkako neurriak dira", azpimarratu dute asanbladako kideek. Gaztetxeen moduko "langile kontrolpeko espazioak ezinbesteko azpiegitura baliabideak dira jardun politiko iraultzailearentzat", haien esanetan.

Dena den, "okupazioaren aurkako ofentsibak eta pandemiaren harira hartutako neurri murriztaileek utzi duten testuinguruan, langile kontrolpeko espazioetako jarduna blokeatzea helburu izan duten erasoak areagotu" egin direla ohartarazi dute. Horren adibide modura aipatu dituzte, besteak beste, espazioen itxierak, egitarauen debekuak edo polizia-indarren esku-hartzeak.

Burlatako Gazte Asanbladak funtsezkotzat jo du, beraz, "biltzeko eta politika egiteko askatasuna aldarrikatzea eta, zehazki, langile kontrolpeko espazioetako jarduna normaltasunez burutzeko baldintzak jartzea". Hala, datorren larunbaterako, ekainaren 19rako, mobilizaziora deitu du, gaztetxeari "elkartasuna adierazteko, langile kontrolpeko espazioak indartzeko eta askatasun politikoen aurkako neurriak salatzeko".

19:30ean irtengo da manifestazioa Burlatako Gaztetxetik. Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak babesa adierazi dio gaztetxeari, eta manifestaziora bertaratzera dei egin du.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik