AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Prensa
2023/04/26 09:05

Mexikotik Amerikako Estatu Batuetara migratu nahian ari diren ehunka eta ehunka lagunen etsipenaren lekuko bilakatu da mugako Bravo ibaia. Ohe puzgarriak erabilita edo igeri, azken egunetan ibaia gurutzatzeari ekin diote askok, AEBetara lehenbailehen iristeko. Arriskutsua da migrazio-bide hori, baina nahiago izan dute horretara jo, Bravo ibaiaren ertzeko kanpalekuan zain jarraitu baino.

Azaldu dutenez, baldintza negargarriak dituzte kanpamentu horretan, eta azkenaldian, gainera, segurtasunik eza nagusitu dela salatu dute: denda-etxe ugari erre dizkiete. Ustez, armaturiko zibilak dira erasotzaileak. "[Ibaia] Gurutzatu egin nahi dugu, ez dugu gehiago jasaten, asko jazartzen gaituzte", adierazi dio emakume batek EFE agentziari.

Mexikoko Migrazio Institutuko (INM, gaztelerazko sigletan) kideak eta Mexikoko Guardia Nazionaleko polizia-agenteak astelehen honetan bertaratu ziren muga-bidera, hainbat lagunek ibaia igarotzea galarazteko eta ekiditeko.

Hala ere, askok lortu dute azkenaldian Bravo ibaia zeharkatuta AEBetara heltzea. AEBetako mugako patruilaren arabera, 1.600 migratzaile inguru atxilotu ditu. Brownsvilleko portuaren bidez deportatuak izaten ari dira jada.

Hainbat iturrik diotenez, jatorri desberdinetako 3.500 pertsona inguru daude Mexikoko Matamoros hirian harrapatuta, Bravo ibaiaren bidez AEBetara iristeko asmoz.

EZ DAGO IRUZKINIK