AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Irunen hildako behargin ohia agurtu dute CAFeko langileek. Argazkia: Victimas del Amianto
2019/05/24 22:54

Maiatzeko aste honetan, guztira bost langile hil dituzte Hego Euskal Herrian. Hala, gutxienez 21 dira aurten erail dituzten beharginak. Iaz, 2018. urtean, gutxienez 68 izan ziren. Pasa den astelehenean, maiatzak 20, Zestoan (Gipuzkoa) gertatu zen lehenengo erailketa. Santa Engrazi inguruko pinudi batean lanean ari zela, zuhaitz bat erori zitzaion gainera 50 urteko langile bati, eta unean bertan zendu zen. Haitz Beltz enpresarentzako ari zen soldatapean lanean. Aurten basogintzan eraildako bigarrena da, martxoan Muxikan (Bizkaia) hil baitzen beste behargin bat.

Egun berean, Zarauzko (Gipuzkoa) urbanizazio bateko obretan lanean ari zela, garabi batekin batera erori zen beste langile bat, 30 metroko altueratik. Bertan hil zen, eta lankide bat zauritu egin zen, garabiak azpian harrapatuta.

Asteartea eta asteazkena ere gorriz tindatuta

Asteartean, maiatzak 21, asteko hirugarren erailketa izan zen. Amiantoaz kutsatutako CAF enpresako langile ohi bat zendu zen Irunen (Gipuzkoa), amiantoaren eraginez. Hala, dagoeneko 38 dira arrazoi horrengatik Gipuzkoan hil diren langileak edo langile ohiak. Urtea hasi zenetik, lau izan dira, eta hilabete honetan, bi.

Asteazkenean, maiatzak 22, Barazargo mendatean (Bizkaia) izan zen eguneko lehenengo heriotza. Bi kamioik elkar jo eta horietako bateko gidaria hil egin zen. Bigarren gidaria hartatu egin behar izan zuten, zauriak zirela eta. Ordu batzuk beranduago, Loiuko (Bizkaia) Aceros Olarra enpresan gertatu zen ezbeharra. Garabian zeraman zama gainera erori zitzaion behargin bati, eta bertan hil zen.

Mobilizazioak erailketak salatzeko

Asteazkenean bi elkarretaratze egin zituzten Azpeitian (Gipuzkoa), Zestoako erailketarengatik protesta egiteko. Gehiengo sindikalarena izan zen lehenengo deialdia, eguerdirako; hain zuzen, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek egin zuten bat. Arratsaldean, aldiz, CNT, Sortu, ELA, LAB, Azpeitiko Gaztetxea, Ernai eta Elkar-Ekin atera ziren kalera, eta "egiturazkoa den arazoari egiturazkoak diren irtenbideak" emateko eskatu zuten. Egun berean, Zarautzen ere egin zuten bertan gertatutako hilketa salatzeko elkarretaratzea, CCOO sindikatuak deituta.

Ostegunean, Olarra enpresako beharginek egun osoko geldialdia egin zuten beren lankidearen heriotza salatzeko. Bestalde, CAF enpresaren Irungo lantegiko langileek ere ordubeteko lanuztea eta protesta egin zituzten egun berean, bertako komiteak deituta. Enpresako zuzendaritzari amiantoaren ondoriozko heriotzen "erantzukizuna beren gain hartzeko" eskatu zioten.

Ostiralean, Bilbon (Bizkaia) izan zen Barazargo erailketaren aurkako protesta. Hainbat sindikatuk egin zuten deialdia, eta Eusko Jaurlaritza aurrera bertaratu ziren.