AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Council on Foreign Relations
2025/06/17 09:21

Israelgo Estatuaren eta Irango Errepublika Islamikoaren arteko tentsioa aurrekaririk gabeko maila batera igo da, hainbat egunez bi herrialdeen arteko zuzeneko erasoak izan ostean. Estatu sionistak azpiegitura militar estrategikoak bonbardatu ditu astelehen goizaldean Iranen, besteak beste, Tabriz hirian eta Teheran hiriburuan, non petrolio-biltegi batean eta instalazio militarretan leherketak izan diren.

Effie Defrin bozeramaile militar sionistaren arabera, Israelgo Armadak "erabateko aireko nagusitasuna" lortu du "Teherango zeruetan", eta 120 misil jaurtitzaile baino gehiago suntsitu omen ditu Iran erdialdean. Era berean, Israelgo Estatuak baieztatu du Irango goi-agintari militarrak hil dituela, tartean Mohammad Kazemi Guardia Iraultzaileko inteligentzia-burua eta haren ondokoa. Gainera, iragarri du Ali Shadmani Irango Indar Armatuen Estatu Nagusiko burua ere hil duela gero Teheranen egindako beste eraso batean, baina Iranek ez du hori ofizialki baieztatu.

Erasoaldiari erantzunez, Iranek ehunka misil eta drone bota ditu Palestinako lurralde okupatuen aurka, eta hainbat hiri jo ditu, besteak beste, Tel Aviv eta Herzliya. Alarma antiaereoak, hala, Palestina okupatu osoan entzun dira, eta leherketak eta sua izan dira bizileku-guneetan eta gune estrategikoetan.

Erreakzioak nazioartean

Egoera horretan, Donald Trump AEBetako presidenteak G7aren goi-bilera bat utzi du. Abisu bat igorri die Teherango herritarrei, "hiria ebakuatu" dezaten, AEBetako Defentsa Departamentuak Etxe Zurian premiazko bilera bat egiten zuen bitartean. Europar Batasunak eta NBEk, bestalde, "eustea" eskatu diete bi aldeei; hori bai, "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea" babestu dute, eta beharrezkotzat jo dute "Iranek arma nuklearrak lortzea saihestea", nahiz eta estatu sionista izan den eraso egin duena.

Iranek NBEn duen enbaxadoreak, Saeed Iravanik, adierazi du bere herrialdeak ez duela "gerra edo eskalada" bilatzen, baina bere subiranotasuna defendatuko duela "Israelen erasoa gelditu arte edo nazioarteak ekintza esanguratsuak egin arte". Segurtasun Kontseiluaren aurrean salatu ditu sionisten erasoak, "gerra-krimenak" direla esanez, eta AEBak seinalatu ditu erantzule gisa, Israelgo Estatuaren erasoaldia babesteagatik. Diplomatikoak gaineratu du "Israelen erasoari laguntzen dion edozein herrialdek" bere egiten duela "ondorioekiko erantzukizun legala".

Iravaniren arabera, oraingoz, negoziazio nuklearrak eten egin dira. Erasoaldia hasi zenetik, gutxienez 224 hildako izan dira Iranen eta 24 sionisten aldean, eta ehunka pertsona zauritu dituzte. Benjamin Netanyahu Israelgo Estatuko lehen ministroak errefusatu egin du Iranekin negoziatzeko aukera, eta "denbora irabazteko engainutzat" jo du elkarrizketa. Horiek horrela, Irango Agintari Gorena den Ali Khamenei hiltzeko asmoa adierazi du, "gatazka amaitzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK