AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irekia
2025/04/28 10:01

Eusko Jaurlaritzak emandako datu ofizialen arabera, gaur egun, Ertzaintzako 877 poliziak daramatzate gainean bodycam deiturikoak. Sistema hori hedatu nahi du gobernuak, ordea: hainbat asteren buruan, gutxienez 1.387 ertzainek eramango dituzte soinean kamera horiek. Jaurlaritzak bi milioi euro xahutu zituen horretarako iaz, eta laster banatuko dituzte erositako gailu guztiak.

Segurtasun Sailaren esanetan, bodycam-en bidez "jarduera polizialetan segurtasuna eta gardentasuna bermatzea" da helburu nagusia. XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programak jasotzen duenez, hainbat xede ditu "polizia-agenteei banakako kamerak emateak"; hain zuzen ere, "polizia-agenteei segurtasun juridikoa ematea, agintaritza judizialari zigor-arloko arau-haustea egin izanaren froga-elementuak emateko eta beren jardueren gardentasuna bermatzeko". Gobernuak ez du zehaztu, baina, zein erabilera konkretu emango dieten kameren bidez jasotako irudiei.

3-Ikusle ekimenaren barruan, 2021etik 2022ra bitartean probatu zituzten bodycam-ak Ertzaintzan, Bilbon (Bizkaia), Gasteizen (Araba) eta Irunen (Gipuzkoa) izan baitzen proba pilotua. Horren ostean, Sestaon (Bizkaia) banatu zituzten kamera batzuk, eta Gasteizen eta Irunen bertan ere ekin zioten horiek erabiltzeari. 2024ko udazkenetik 2025eko martxora bitartean, beste komisaria batzuetan ere zabaldu zituzten gailuak; Donostian (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Durangon (Bizkaia), Laudion (Araba), Urola Kostan (Gipuzkoa) eta abar. Tokiko ertzain-etxeetako agenteez gain, Brigada Mugikorrekoek ere badituzte bodycam-ak.

Uniformearen aurreko aldean eramango dute kamera ertzainek, berehala aktibatzeko moduan beti ere. Agenteek jarriko dute martxan gailua, ustez, esku-hartzearen zirkunstantziak aztertu ondoren. Teorian, poliziek kamerak aktibatuko dituzte "arau-hauste penalak daudenean; herritarren segurtasunean eragin larria duten arau-hauste administratiboak daudenean; bizitzarako edo osotasun fisikorako arriskua, mehatxuak edo eraso-aukera daudenean; atxiloketetan enfrentamendu-jokabideak daudenean; jende askoko ekintzetan; indarkeria- edo larderia-zantzuak daudenean, edo herritarren segurtasunerako arrisku jakin bat agerian uzten duen beste edozein egoera dagoenean".

EZ DAGO IRUZKINIK