AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bloke Sozialista Gasteizen, iazko martxoaren 3an.
2022/02/25 10:53

Gorriz nabarmendutako eguna da martxoaren 3a: 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak bost langile tiroz erail zituen Gasteizko (Araba) Zaramaga auzoan; ehundik gora lagun ere zauritu zituzten polizia-indarrek, milaka langilek hasitako grebei eta mobilizazioei modu bortitzean erantzunda. Aurten izango da sarraskiaren 46. urteurrena, eta ohi bezala, mobilizazioak izango dira Arabako hiriburuan.

Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak kalera ateratzeko deia egin dute oraingoan ere. Hain zuzen, Bloke Sozialista batera deitu dute: 17:45ean aterako da zutabea, Gasteizko Rafa plazatik. Lekukoa hartu, sozialismoa eraiki! aldarri hartuta argitaratu dute deialdia bi eragileek.

"Martxoaren 3a langile klasearen borrokaren eta elkartasunaren eredu dira", adierazi du Gasteizko Kontseilu Sozialistak: "Gaur, atzo bezala, instituzio burgesetatik kanpo antolatzea ezinbestekoa da. Guztion ongizatea bermatzeko aukera bakarra sistema kapitalista gainditu eta gizarte eredu sozialista eraikitzea da. Omenaldirik onena borrokan jarraitzea delako".

Omenaldiak ikastetxeetan eta campusean

Ikasle Abertzaleakek, gainera, zenbait omenaldi antolatu ditu martxoaren 3rako. Sei ikastetxetan izango dira ekitaldiak: Ekialden (lehenengo atsedenaldian, barruko patioan), Los Herranen (11:00etan, patioan), Unamunon (11:00etan, ate urdinaren aurrean), Koldo Mitxelenan (10:45ean, sarreran), Zabalganan (lehenengo atsedenaldian, patioan) eta Ikasbidean (bigarren atsedenaldian, patio zabaleko karpan). Arratsaldean Bloke Sozialistara batzera ere deitu ditu ikasleak.

Gasteizko campusean ere prestatu dute ekitaldi bat IAko kideek. 12:00etarako egin dute deialdia; Letren fakultateko patioan elkartuko dira.

EZ DAGO IRUZKINIK