AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza
2022/06/10 17:27

Atzo, ekainaren 9an, egin zuten bat bi sektoreetako langileek, euren lan-baldintzak babesteko aldarriak uztartuta. Bizkaiko merkataritzako, zapatagintzako, ehugintzako eta larrugintzako langileek zein lokaletako eta eraikinetako garbitzaileek bi manifestazio egin zituzten Bilbon (Bizkaia), eta CEBEK patronalaren aurrean bat etorri ziren biak.

Bizkaiko garbitzaileak borrokan

Bizkaiko eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek greba berrartu zuten apirilaren 26an eta, ordutik, aldizkako bost greba egun egin dituzte. Lan-baldintzak hobetzearen alde egiten dute langileek, eta soldata urtean 1.200 euroko hamabost ordainsarikoa izatea da eskaera nagusia.

Aitzitik, hurrengo lau urtean zehar soldata hobetzea proposatu du patronalak, urte bakoitzeko, soilik %2ko igoera bat ezarrita. Baina, azken bi urteetako Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) igoerari erreparatuta, %11ko erosahalmena galduko lukete langileek, ELA sindikatuak azpimarratu bezala. 

Hori ez ezik, lanaldi partzialen eta "lanpostu hutsak" betetzeko neurrien inguruko eztabaida da bi aldeen artean desadostasunak sortzen dituena; langileek salatu dutenez, patronalak ez du proposamenik mahaiganeratu auzi horiei buruz. Hala, negoziazioek huts egin dutela ikusi ondoren, lehen greba eguna egin zuten atzo beharginek. Gaur eta ekainaren 20an eta 21ean ere greba egitera deitu dute.

Merkataritza langileen negoziazio-mahaiak blokeatuta darrai

Apirilaren 29an egin zuten greba larrugintzako, zapatagintzako, ehungintzako eta merkataritzako langileek eta, aipatu bezala, atzo berrekin zioten grebari. Gaur, ekainaren 10ean, grebara jo dute berriz, eta hilaren 23an zein 24an lanuzteak berrartzeko asmoa adierazi dute.

Izan ere, negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute, eta blokeoari uko egiteko eskatu diote patronalari sindikatuek. Negoziazioak bultzatzeko egingo dute greba beharginek, beraz, eta "marra gorriak" zehaztu dituzte. Besteak beste, antzinatasunari lotutako plusa mantentzea, bajan dauden langileek %100eko osagarria jasotzea, soldatak KPIaren arabera igotzea edota udako larunbat arratsaldeetan jai egiteko eskubidea galdegin dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK