AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Agencia Atlas
2023/05/03 09:25

Pisu are handiagoa hartu du aurtengo Maiatzaren Lehenak Italian: Giorgia Melonik gidatutako gobernuak egun horretan onetsi zuen azken lan erreforma, dekretu bidez. Kargua hartu zuenean iragarri zuen erreforma Melonik, eta, sei hilabete beranduago, Langileon Nazioarteko Eguna aukeratu du Ministroen Kontseilua deitzeko eta lan arloari buruzko neurri sorta berria onartzeko.

Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera edo Herritartasun Diru-sarrera modura ezaguna den laguntzari buruzko neurria da polemika handiena sortu duena. Gobernuak, hain justu, desagerrarazi egingo du diru-laguntza hori. Gaur egun, Italian milioi bat baino gehiago dira laguntza hori jasotzen duten familiak.

Horren ordez, Inklusiorako Txeke bat jarriko du martxan gobernuak, "zailtasunak" dituzten familientzat. Errenta baxuak (guztira, hilean 6.000 euro baino gutxiago) izanda, familiako kideren batek ezintasunen bat izanez gero edo senideren bat adinekoa izanez gero emango da txekea. Hilean 500 eurokoa izango da, eta hari-harian emango da. Izan ere, lan-eskaintzaren bati uko egiten diotenei laguntza publikoak kendu nahi dizkie gobernuak.

"Lanean hasteko aukera dago, jaun-andreok"

Melonik berriki egin ditu hainbat adierazpen gaiaren inguruan. "Gure esku dagoen guztia egingo dugu lan egiteko baldintzetan dauden guztiek lan egin dezaten; hazkundeari mesede eginez, kontratazio berriei mesede eginez, kontratazio berriak sustatuz, Herritartasun Diru-sarrera jasotzen duten eta lan egiteko baldintzetan dauden pertsonei laguntzeko mekanismoekin", esan du presidenteak: "Baina beste gauza bat da entzutea [...] 'Melonik Herritartasun Diru-sarrera kendu dit eta lapurreta egitera bidali nahi nau'. Herritartasun Diru-sarreraren eta lapurreta egitearen artean, lanean hasteko aukera dago, jaun-andreok". "Eta orain, lanera" gaineratu zuen.

Sariak eta zigorrak

Lana sustatzea aitzakiatzat hartuta, aldi baterako lan-kontratuak "malgutzea" ere jasotzen du erreformak. Dirudienez, aldi baterako kontratuak erraztuko dituzte, 36 hilabeteraino luzatzeko aukerak zabalduz. Bestalde, gobernuak hobekuntza fiskalak emango dizkie enplegatzaileei, kontratu mugagabeak sinatzen badituzte edo 30 urtetik beherako gazteak kontratatzen badituzte.

Kontrara, zigortu egin nahi ditu Italian Furbetti modura ezagutzen direnak: alegia, beltzean lan egiten duten bitartean diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten pertsonak.

Soldatei ezartzen zaien karga fiskala (enplegatzaileak ordaintzen duenaren eta beharginak errealki jasotzen duen zenbatekoaren arteko aldea) murriztea ere barne hartzen du erreformak; zenbait soldataren kasuan, behintzat. Hala ere, momentuz, urte bukaerara arte baino ez da indarrean egongo neurri hori.

EZ DAGO IRUZKINIK