AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @jsagarzazu
2020/03/04 10:32

Luizia gertatu eta hilabete batera, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko bi langileek "zaborpean harrapatuta" jarraitzen dutela salatu dute Joaquin Beltranen senideek. Hasteko, eskerrak eman dizkiete bilaketa lanetan aritu diren langileei, besteak beste, larrialdi zerbitzuetakoei, eta "modu desinteresatuan" laguntza eskaini dietenei, "herritar mugimendu espontaneoei", eta abar.

Gogor kritikatu dute, aldiz, bilaketa lanen bilakaera. Lan horien zailtasunaz eta arriskuez jabetu arren, Beltranen senideek azaldu dute "gehiago egin daitekeela eta gehiago egin behar dela". Besteak beste, baliabide gabezia eta "goikoen deskoordinazioa" kritikatu dituzte, baita bilaketa lanetan aritu diren langileen segurtasun eskasa ere, "kontrata ofizialetako langileen bizia bera arriskuan jarriz, Construcciones Moyua kalifikaezina buru".

Baliabide eta koordinazio falta horren adierazgarri izan liteke, adibidez, lehen egunetan erreskate lanetan aritu ziren hainbat suhiltzaileren jantzietan amianto arrastoak aurkitu izana, gaur Argia-k jakinarazi duenez. "Ez geunden batere ongi prestatuta lan horretarako. Maskarila ziztrinik ere ez genuen eta izugarrizko esfortzu fisikoa egin genuen, ahotik edozer sartu zitzaigun", salatu dute suhiltzaileek.

"Politikarien espektakulua"

Horretaz gain, "politikarien espektalua" ere salatu dute Beltranen senideek: "Ez gara espektakulu horri begira geratuko, hauteskundeen aurrekanpaina betean batzuek eta besteek elkar nola akusatzen duten begira. Behin hauteskundeak pasatuta, tragedia horrek gehiago molestatzen ez duenean edo politikoki errentagarri izateari utziko dionean, gure senideak ahanzturan erortzea ez dugu onartuko". Jaurlaritzako lehendakari IƱigo Urkulluri zuzendu zaizkie bukatzeko: "Ez dugu onartuko ahaztea: Joaquin eta Alberto gogoan".

Alberto Sololuzeren senide batek ere salatu zuen "instituzioen abandonua" etakitto.eus atarian ateratako gutun batean, eta bi langileak "diru goseak" erail dituela azaldu zuen: "Eta diru gose horrek izen-abizenak ditu, kaleko aldarriek behin eta berriz aditzera ematen dutenez".

Langileak topatu ez arren, zabortegitik oso gertu hondakin industrialak jasotzeko bi biltegi berri eraikiko dituztela aurreratu dute. "Berehala" hasiko dira horretan, denera, 300.000 metro kubiko jasotzeko. Gainera, Zubietako erraustegira ere bideratuko dituzte hainbat hondakin.

2020. urtea hasi zenetik, gutxienez 15 langile hil dituzte Euskal Herrian. Aurreko ostegunean, otsailak 21, izan zen azkeneko hildakoa: Gasteizen (Araba), Estructuras Metalicas Frutos enpresarentzat eraikuntza lanetan ari zen behargin bat erail zuten.