AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Salhaketaren kontzentrazioa. (Argazkia: Hala Bedi)
2019/05/08 19:27

Urtea hasi zenetik Zaballako espetxean lau preso hil dira, laugarrena da Xabier Gonzalez García.  Sinatu duten elkarteez gain, hildako presoaren senideak ere bertaratu dira gaur goizean kontzentraziora. “Saihestu zitekeen eta isilarazitako tragedia bat” izan dela adierazi dute manifestuan Salhaketak eta beste elkarteek.

Manifestuan bederatzi puntu zehaztu dituzte senideen babeserako eta gertatutakoak ez errepikatzeko bermeak izateko; horien artean, preso gaixoen berehalako kaleratzeak edota ministerio fiskalaren inplikazioa eskatu dituzte horrelako kasuak aztertzeko.

Xabier Gonzalez hildako presoari dagokionez ere, zenbait gauza aipagarri ere esan dituzte. Izan ere, 28 urte zituen presoak bi urte pasatxo egin arren Zaballan “bere alabak ezin izan ditu ikusi denbora horretan, ezta bere bikotekidea azken hilabeteetan ere”. Horretaz gain, hildakoaren gurasoek “komunikatzeko zailtasunak” salatu dituzte. Senideei heriotzaren berri emateko telefonoz abisatu zitzaiela salatu dute, eta inongo laguntza psikologikorik edota segiziorik ez zitzaiela eskaini. Aipatzekoa da, azkenik, gorpua senideei aurretik helarazi gabe erraustu dutela, eta, jakinik, horrek bigarren autopsia egiteko aukerak kentzen dituela.

Xabier Gonzalezen senideak Zaballako espetxeko zuzendariarekin elkartu ziren senideek hala eskatu zutelako, nahiz eta aurreko hildakoaren senideei ezezkoa eman zien. Hala egitea erabaki bazuen ere, espetxeko arduradunak bileran bost minutu iraun zituen, senideak entzun nahi ez, eta alde egin zuelako berehala. Hori dela eta, manifestuan zuzendariaren jarrera ere salatu dute, “bilera hauetan zuzendariak senideak entzun beharko lituzkeela eta bere ardurak bete beharko lituzkeela” esanez.