AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Zaldibar Argitu plataforma
2021/02/07 15:56

Larunbatean, otsailaren 6arekin, urtebete bete zen Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian luizia izan zenetik. Amiltzearen ondorioz, lur eta zabor artean harrapatuta geratu ziren bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Urte erdira aurkitu zituzten Sololuzeren gorpuzkiak; Beltranek, ordea, desagertuta jarraitzen du Verter Recycling enpresaren hondakindegian.

Luizia gertatu bezain pronto jarri zituzten martxan erreskatatze lanak, baina berehala utzi behar izan zituzten bertan behera, amianto arrastoak topatu zituztelako hondakin artean, eta desegonkor zegoelako lurra.

Egunek aurrera egin ahala, Zaldibarren gertatutakoak zituen hainbat eta hainbat ertz atera ziren argitara: amiltzea gertatu aurretik atzemandako pitzadura, desagertutako langileetako batek aurretik egindako ohartarazpena –esan zuen hondakindegian ezin zela zabor gehiago jaso–, Jaurlaritzak lur mugimenduen berri izatea 2015etik, azken urteetan sartutako zaborraren kopuruan izan zen gorakada –hondakin guztien %60 jaso zen 2011 eta 2017 artean eta, %40, 2018an eta 2019 artean–, amianto arrastoak, baimenen inguruko irregulartasunak, jabeen eta politikarien arteko loturak eta erantzukizunak...

Urteurrena ere, mobilizazio eguna

Hasieratik atera ziren kalera milaka lagun, eta urte honetan guztian hainbatetan egin bezala, joan den larunbatean ere kaleak hartu zituzten Zaldibar argitu plataformak deituta. Zaldibarren, Zallan (Bizkaia), Etxebarrian (Bizkaia), Elgetan (Gipuzkoa), Markina-Xemeinen (Bizkaia), Ermuan (Bizkaia) eta Eibarren (Gipuzkoa) egin zituzten mobilizazioak, Urtebete Zaldibar Argituz. Ez dugu ahazten lelopean.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna nabarmendu zuten antolatzaileek, eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburu zenaren dimisioa eskatu zuten –Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu da egun–. "Intentsitatez, beldurrez, amorruz eta suminduraz betetako urtea" izan dela adierazi zuten, "elkartasunaren eta borrokaren" garrantzia goraipatzearekin batera.

Zerrenda beltza

2020. urtean, Euskal Herrian 70 langilek baino gehiagok galdu zuten bizia soldatapean lanean ari zirela. Aurten, aldiz, zazpi heriotza atera dira argitara momentuz: Bilbon (Bizkaia) bi, bana Ezkion (Gipuzkoa), Derion (Bizkaia), Gasteizen (Araba) eta Donemiliagan (Bizkaia) eta, Mungian (Bizkaia), amiantoaren eraginez zendu zen zazpigarren langile baten erailketaren berri eman zuten urtarrilean.