Urtea hasi zenetik, gutxienez lau langile erail dituzte Euskal Herrian

Hilaren 4an zendu zen abenduan lan istripu batean zauritutako langile bat, eta egun berean, Bilboko Corte Ingles saltokian hil zen 27 urteko behargin bat. Bi egun lehenago, bi langile izan ziren erailak; Gasteizen bata, aldamio batetik amilduta, eta Jatsu Garazin bestea, nekazaritza lanetan ari zela lastozko fardel batek azpian hartu ostean.
Argazki Nagusia
2020ko urtarrilaren 8a

Martxan da 2020. urtea, eta horrekin batera, euren lanpostuetan hildako langileen kontagailua: urtea hasi zenetik, gutxienez lau behargin izan dira erailak Euskal Herrian.

Urtarrilaren 4ak utzi zituen azkeneko bi hildakoak. Egun horretan, 27 urteko langile bat zendu zen Bilboko (Bizkaia) Corte Ingles saltokian. LAB sindikatuak azaldu duenez, 21:30ean hil zen gaztea; dendak berez itxita beharko lukeen ordu batean, eta beraz, "luzatutako lanaldi" baten barruan. "Beherapenak prestatzeko lanetan" ari ziren langileak, sindikatuaren arabera. Hildakoaren lankideek adierazi dutenez, "presio handiko" eta "lan karga handiko" uneak bizi ohi dituzte beherapenen atarian.

Bestalde, egun berean hil zen beste behargin bat. LABen esanetan, lan istripua izan zuen abenduaren 28an, eta egun batzuk beranduago zendu zen.

Gorriz margotutako eguna izan zen urtarrilaren 2a ere. Gasteizko (Araba) Olarizu auzoan, hiru metroko altueratik amildu zen langile bat, eraikuntza lanetan ari zela. Konortea galdu zuen, eta osasun zerbitzuak bertaratu arren, bertan hil zen. Egun horretan, nekazaritza lanetan jarduten zuen langile bat hil zen Jatsu Garazin (Nafarroa Beherea), lastozko fardel batek azpian hartuta. Ospitalera eraman eta artatu egin zuten, baina bertan zendu zen 38 urteko emakumea.