AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Agencia de Noiticias
2019/12/27 12:31

Langile batek lan-istripua izan zuen Transportes Pesa S.A. enpresaren Arrasateko (Gipuzkoa) kotxetegian, abenduaren 24ko txanda egiten ari zela. Behargina bi autobusen artean harrapatuta geratu zen, eta ondorioz, Gasteizko (Araba) ospitalera eraman behar izan zuten, pelbisa eta hainbat saihets hautsita baitzituen. Zaintza intentsiboen unitatean aurkitzen da geroztik, hiltzeko arriskutik kanpo. Hala ere, mediku taldea Donostiako (Gipuzkoa) ospitalera eramateko aukera aztertzen ari da.

Garraio enpresaren Arrasateko instalazioetako "baldintza eskasak" salatu ditu LAB sindikatuak. Gero eta autobus gehiago eta tamaina handiagokoak daudenez, kotxetegiak "oso txiki" geratu direla diote. Espazioaren arazoa, langileen segurtasunerako "arrisku larria" izaten hasia dela adierazi dute. Gidariek maniobratzeko leku gutxi dutenez, kideen laguntza eskatzera derrigortuta daude autobusa sartu edo atera ahal izateko. Egoera horrek, etengabe "harrapatzeko arriskuan" uzten ditu pistatik laguntzen ari diren beharginak. Neurririk hartu ezean, "gero eta gertuago" ikusten dute langileren batek istripu larriagoa pairatzeko aukera. Ondorioz, sindikatuak premiazko bilera eskatu dio enpresari, gertakariak argitu eta neurriak har ditzan.

Hondamenarekin lanean

Duela aste batzuk izan ziren euriteen ostean, garajearen aldamenean aurkitzen den mendi magalaren zati bat jausi zen. Erorketak instalazioen zati esanguratsu bati eragin zion: zenbait autobus lurpean utzi zituen, baita aldagelak zein garajea ere, partzialki. Langileek behin eta berriz eskatu duten arren, enpresak oraindik ez du arazoa konpontzeko iniziatibarik izan.

Zaurituak

Abenduan zauritutako hirugarren langilea da, gutxienez, Arrasatekoa. Azkeneko lan-istripua hilaren 12an izan zen, Irungo (Gipuzkoa) merkatal zentro batean. Bi egun lehenago, Hernaniko (Gipuzkoa) Ibaiondo industrialdeko teilatu batetik amildu zen beste behargin bat. Azaroko datuen arabera, lan-istripuak %5,3 igo dira EAEn urtea hasi zenetik; 27.959 langilek hartu behar izan dute baja. Eraildako langileei dagokienez, gutxienez 40 dira amaitzear den urteak utzi dituenak.