Sei hilabetez bisitarik gabe zigortu dituzte bi euskal preso politiko

Harriet Iragi eta Juan Ramon Karasatorre euskal presoek ez dute bisitarik izango datozen sei hilabeteetan. Espetxe zuzendaritzak neurri hori hartu du haien bi emazteek ukipen bidezko miaketei uko egin zietelako. Egun, Albocaserren (Herrialde Katalanak) daude biak ere preso.
Argazki Nagusia
Espetxe bateko barroteak (Argazkia: El Confidencial)
2019ko maiatzaren 16a

Karasatorre eta Irargi preso politikoen emazteek uko egin zieten ukipen bidez miatuak izateari pasa den asteburuan. Unean, Espetxe Zerbitzuburuak emazteei arrazoia eman eta bisitara sartzen utzi zieten. Bestelakoa da baina Espetxe Zuzendaritzak hartu duen erabakia: presoek ez dute bisitarik jasoko datozen sei hilabeteetan.
 
Gertakariak pasa den asteburuan jazo ziren. Karasatorreren bikotekidea ukipen bidez miatzen ahalegindu ziren bisitara zioala. Hark baina uko egin zion halako neurriari. Bide bera jarraitu zuen Iragiren bikotekideak ere. Unean bertan bi Zerbitzuburu hurbildu eta halako kontrol neurririk gabe sartzen utzi zieten. Gerora etorri da Espetxe Zuzendaritzaren erabakia: sei hilabetez ez dute bisitarik jasoko presoek.  
 
Bi presoak Euskal Herritik 550 kilometrotara daude. Presoen eskubideen alde lan egiten duten hainbat elkartek neurriaren larritasuna salatu dute dagoeneko. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM) gogorarazi du 2009an PSOEren gobernuarekin hasi zirela preso politikoen senideen aurkako “ukipen bidezko miaketa saiakera sistematikoak” egiten, “Alfredo Perez Rubalcaba espetxe politikaren arduradun nagusia zela”. “Neurri umilgarriari” uko egitea senide ugariren “erabaki eredugarria” izan dela adierazi du AAEAMk. Azpimarratu dute hein handi batean jarrera horrek ahalbidetu duela ukipen bidezko miaketak gero eta urriagoak izatea. Hala, Karasatorre eta Irargi presoen senideen jarrerarekiko “miresmena” erakutsi nahi izan du mugimenduak  kaleratu duen oharrean. “Borrokak batzen eta indartsuago egiten gaitu”.
 
Etxerat senideen elkarteak ere publikoki salatu du espetxe zuzendaritzak hartutako erabakia: “senideek jasandako tratu onartezina salatzen dugu, baita bi presoen emazteei jarritako zigor neurrigabea ere”.  Senideen elkarteak gaineratu du ez dela “testuinguru arbitrario honetan” senideekiko hartu den “salbuespen” neurri bakarra. Etxeratek salatu du ahaidetasuna ziurtatzen zuen dokumentu eta baimen guztiak gainean izan arren Iragiren senideekin zioan hiru urteko ahurrari ez ziotela sartzen utzi.