AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Hilaren 23ko prentsaurrekoa. Argazkia: Berria
2019/09/26 18:46

Gaur gaurkoz espetxeratze arriskuan egon daitezke Imanol Salinas eta Jose Javier Oses Jotas sindikalistak, hainbat lan gatazkatan izan duten parte hartzea dela-eta. Alde batetik, Salinasi 21 hilabeteko espetxeko zigorra ezarri zion epaileak maiatzean, Iruñeko (Nafarroa) San Giovesa jatetxearen aurrean egindako protestengatik. Bertako beharginen aurkako erasoak salatu zituzten protesta horietan.

Bestalde, ustez urriaren 10ean hasiko da Salinas beraren eta Jotasen aurkako epaiketa, Probintzia Auzitegian. Azkoiengo (Nafarroa) Huerta de Peralta enpresako langileek egindako greban, lantokira sartzea lortu zuten biek; furgoneta baten barruan, banatzaile itxura eginez. Lantokirako sarbidea oztopatu zuten gero. Hala, bakoitzarentzako urtebeteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak.

"Desobedientzia"

Bi auzipetuek salatu dute langileen borrokak zein aldarrikapenak isilarazteko fiskaltzak edota Foruzaingoak erabilitako errepresioa. "Injustiziaren" aurrean, "desobedientzia" aldarrikatu zuten hilaren 23an, agerraldi bidez. Hala, adierazi zuten Salinas ez dela espetxera aurkeztuko haren gaineko zigorra berretsiz gero ere. Bestalde, ez Salinas ez Jotas ez dira beren aurkako epaiketara bertaratuko.

Huerta de Peraltako langile bat, kanporatze eta espetxeratze arriskuan

Bestalde, Huerta de Peraltako behargin baten egoera ere salatu zuten ekainean. Azaldu zuten kartzelan sartzeko eta Espainiako Estatutik kanporatua izateko arriskuan zegoela, iazko udazkenean hasitako protesten harira.